BERRIAren komunitatea osatzen dutenak dira bideoaren protagonistak: banatzaileak, kazetariak, harpidedunak, irakurleak, kolaboratzaileak, marrazkilariak, internautak... “Azken batean, BERRIA euskal hiztunen komunitateak geure buruari opa izan diogun eguneroko bat da”, bideoko protagonistetako batek, Andoni Egañak, dioen bezala.
Hari horretatik tiraka, 18 minutuko bideo erakargarri bat osatu dute aipatutako hiru gidoilariek eta Pixel ekoiztetxeak. 'BERRIA opa eta topa' bideoa 10. urteurreneko ospakizun biraren ekitaldi guztietan eskaintzen ari da, baina gaurtik aurrera sarean dago ikusgai, oso-osorik.
“BERRIAren atzean talde lana dago, irakurleengana iristeko elkarlanean lan egiten duen komunitatea. Horregatik, bideoak ahalik eta ahots gehien izatea nahi genuen”, azaldu du Lorea Agirre gidoilarietako batek. Horren ondorioz, protagonista ezberdinak agertzen dira bideoan: errotatibako langileak, banatzaileak, Erredakzio Zuzendaritzaren bilera bat, bi harpidedun eta BERRIAlagun, Iñigo Astiz, Nora Arbelbide eta Jenofa Berhokoirigoin kazetariak, Irene Arrarats Euskara arduraduna, Andoni Egaña, Anjel Lertxundi eta Antton Olariaga, Patxi Huarte Zaldieroa, Xabier Gantzarain eta Idurre Eskisabel, Athleticeko jokalariak...
Datorren ekainaren 21ean 10 urte beteko ditu BERRIAk, eta ospakizun bira azken txanpan sartu da. Biraren amaiera, berriz, ekainaren 22an izango da, larunbatarekin. BERRIAk egun osoko festa antolatu du, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, 10. urteurrena elkarrekin ospatzeko eta hamarnaka kontatzen jarraitzeko.