BERRIA Taldea ere “krisiak bete-betean harrapatu” du, hirugarren urtez jarraian 2011 galerarekin bukatu baitzuen —177.835 eurokoak— eta aurtengorako egoera ez delako samurragoa, eta, ondorioz, Administrazio Kontseiluak gaur akziodunen urteko ohiko batzarrean iragarri du proiektuari eusteko diru iturriak handitzen saiatuko dela eta “ezinbestean” neurriak hartu beharrean dagoela.
Diru iturriak ugaritzeko BERRIA Zure ziztada behar dugu kanpaina egiten ari da duela hilabete batzuetatik, eta orain arteko emaitza “benetan ona” da, dagoeneko 2.900 lagunek egin dutelako diru ekarpena. 5.000 lagunez osatutako komunitate baten bidez aurten 500.000 euro biltzea da helburua.
Horrekin batera, beste neurria, "sarrera txikiak ekarriko dituzten bide asko martxan jartzea izango da”.
Murrizte neurrietan, aurrekontua jaitsiko du hedabide taldeak. “Egungo baliabideetara egokituko den egitura ezarri behar da”, esan du Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak batzarrean.
Ekonomiaren nahiz idatzizko hedabideen ereduaren krisiak eraginda, urte ekonomiko zailak izaten ari da BERRIA Taldea, lehengo urtean 2009 eta 2010ean baino hobeto eutsi zion arren. Egunkariaren kasuan diru sarrerak beheraka doaz —salmentak eta, batik bat, publizitatea—. Interneten, berriz, hedabideek ez dute topatzen bideragarritasun ekonomikorako aukerarik.
Euskarazko hedabideak elkarlanean
Larrarte kontseilari ordezkariak adierazi du euskarazko hedabideak azkeneko urtean “elkarrekin bidea egiten” ari dela. Diagnosi bateratua egin dute, eta erakunde publikoei aurkeztu diete. “Elkartea sortzeko bidean gaude eta horrek sektoreari indarra emango dio. Proiektu bateratuak lantzen eta pentsatzen ari gara”.
Erakunde publikoei deia
Joxean Lizarribar BERRIA Taldeko lehendakariak esan duenez, “instituzioek proiektu hau serio hartzea ezinbestekoa da”, baina ez da halakorik gertatzen: “Krisi garaian ez dugu ikusten euskara, euskal kultura eta euskal hedabideak lehentasuntzat tratatzen dituztenik, eta hori oso larria da. Dei berezia egiten diegu, beraz, herritarren ahalegin eta indarrez sortu eta indartutakoa galtzen utzi ez dezaten (edo galbidera eraman ez dezaten), eta sektorearen alde, sektorean inberti dezaten”.
BERRIA Taldearen ustiapen kontuan diru laguntza publikoen pisua %10 pasatxokoa baino ez da.
Administrazio Kontseilua eskerrak emanez
Administrazio Kontseiluak aurten ere eskerrak eman dizkie taldeko langileei, akziodunei, irakurleei eta iragarleei.
Andoainen egin dute batzarra, Martin Ugalde kultur parkean. Akziodunek ontzat jo dituzte iazko kontuak eta 2012ko kudeaketa plana.