Kanpaina abian jarri eta hilabetera, 800 lagunen diru ziztada jasoa du BERRIA Taldeak. BERRIAlagunen komunitatea handituz doa pixkanaka. Jasotako laguntza eskertu, eta «pozik» daude orain arteko erantzunarekin kanpainaren arduradunak. Helburua urtean 100 euro emango dituzten 5.000 lagun lortzeada.
Gainerako hedabideen antzera, egoera zailean da BERRIA Taldea. Sekula baino irakurle gehiago ditu, baina diru sarrerak gutxituz doaz, publizitatean eta diru laguntza publikoetan izandako jaitsieraren ondorioz. Horri erantsi behar zaio paperezko hedabideen egiturazko krisia. Izan ere, Internetek aldaketa nabarmena eragin du ereduan, eta horretara nola egokitu aztertzen ari dira hedabide guztiak.
2011ko azken hilabeteak oso txarrak izan dira publizitatean, eta, horren ondorioz, urtea galerekin amaituko du BERRIA Taldeak. Datorren urtea ere ez da hobea espero. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, adibidez, aste honetan iragarri du %11 murriztuko duela euskara hedabideetan sustatzeko dirua; BERRIAri dagokionez, %9.
Ataka zail horretan jarri du martxan BERRIA Taldeak Zure ziztada behar dugu kanpaina. Xedea proiektuari eutsi eta etorkizuneko asmoak gauzatzea da. Jendeak 200 euro, 100 euro eta beste edozein kopuru eman ditzake. Kanpaina otsailean sartuko da bigarren fasean. Orduan, sektoreka nahiz herriz herri bilduko dituzte ekarpenak.
CIESen datuak
Bestalde, CIES etxeak emandako datuen arabera, BERRIAk 60.000 irakurle ditu Hego Euskal Herrian. Beraz, iazko datuei eutsi die. Hitzek, berriz, 5.000 irakurle gehiago dituzte: 87.000.
Zure ziztada behar dugu
BERRIA Taldeak zortziehun lagunen diru ekarpenak jaso ditu dagoeneko
Urtean 100 euro emango dituzten 5.000 lagun biltzea du xedea, egungoari eutsi eta ekimen berriak hasteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu