Berria Taldeko langileen oharra, atxiloketak direla eta

2012ko otsailaren 21a
16:57
Entzun

[YouTube]http://youtu.be/RaP1kFDR-HA[/YouTube]

Atxilotuetako bat, Inaxio Otaño, Berria Taldeko langilea den heinean, Berria Taldeko langileek, Langile Batzordearen bitartez, ondorengo oharra onartu dute:

"Gaur goizaldera bi lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak. Tartean, gure lankide Inaxio Otaño, Ttintto.

Berria Taldeko langileok berri kezkagarri hori dela-eta ondorengoa adierazi nahi dugu:

Euskal prentsako langileoi ez zaizkigu ezezagunak egiten gisa honetako berri mikatzak. Ezagunak zaizkigu salaketa larriak egotzita egindako lankideen atxiloketak. Gerora salaketa horien faltsutasuna epaileek aitortu izanak ez du inolaz ere egindako kaltea konpondu. Oraingoan ere horrela izango den ziurtasun osoa daukagu.

Atxilotuei inkomunikazioa ezarri diete. Legezko zulo ilun horretan, Ttinttok eta Iñakik paira dezaketen tratuak gure ezinegona areagotu besterik ez du egiten. Ezaguna zaigu inkomunikazioaren moduko erregimen anker batean giza eskubideek zein leku gutxi daukaten. NBEko Giza Eskubideen Batzordeko kontalariak, Human Right Watchek, Amnesty Internationalek eta giza eskubideen defentsan jarduten duten erakundeek sarritan eskatu diote Espainiari giza eskubideen ikuspegitik onartezina den erregimen hori ezabatzeko. Berria Taldeko langileok bat egiten dugu eskaera horrekin. Are gehiago egungo aro politiko berri honetan.

Horrenbestez, ondorengoa exijitzen diogu Espainiako Gobernuari:

Atxilotuen eskubideak zapalduko ez direla bermatuko duten mekanismoak ezartzeko, inkomunikazioa kentzetik hasita.

Atxilotuak lehenbailehen aske uztea. Epaiketarik gabeko zigor gehiegi pairatu behar izan dugu euskal herritarrok jadanik.

Era berean, euskal herritarrei ondorengo eskaera egiten diegu:

Euskal herritarron eskubideak bermatuko dituen babeslekuaren eraikuntzan inplikatzea.

Bukatzeko, atxilotuei, haien senide eta lagunei gure elkartasunik beroena adierazi nahi diegu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.