BERRIA.INFOk hazkunde garrantzitsua izan du aurten, %60 ingurukoa. Bisitetan %57 egin du gora eta ikusitako orrialdeetan %61, www.google.com/analytics-eko datuek erakusten duten bezala, joan den urteko eta aurtengo urria eta azaroa alderatuta -azaroaren kasuan, 25era artekoa bietan-.
Datuak (urriak 1-31 eta azaroak 1-25)
Bisitak denera. 714.153 (iaztik %57 gora).
- Asteguneko bisitak. 15.000 egunero (iaz 8.500).
- Asteburuko bisitak. 8.100 egunero (iaz 4.000).
Ikusitako orrialdeak denera. 1.784.928 (iaztik %61 gora).
Astegunetako bisiten artean, lehengo asteartean jo zen goia, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak 34 gazte atxilotu zituzten egunean: 22.121 bisita izan ziren. Asteburuetakoen artean -BERRIA.INFOk ez du edizio jarraiturik igandeetan-, azaroaren 8an izan zen bisita gehien, BERRIAren webguneak Behobia-Donostia lasterketako sailkapenak jarri zituen egunean: 10.927.
Bisitariak aldiko batez beste ikusitako orrialde kopuruan kasik ez dago alderik iaztik: joan den urtean 2,7 orrialde, aurten 2,5. Unean batez beste pasatutako denboran ere alde txikia: iaz 2 minutu eta 45 segundo, aurten 2 minutu eta 39 segundo.
Kanpotik, Facebook-etik gehien
BERRIA.INFOri kanpoko webgune edo Internet guneetatik etortzen zaizkion bisiten artetik (guztira, %32 dira halakoak), Facebook dago aurreneko postuan, %3,66rekin. Ondoren daudenak: Google (%2,18), Zuzeu (%1,98), Sustatu (%1,43), Twitter (%1,20). Beste hainbat eta hainbat gune daude haien atzetik.
Balio erantsian sakontzen
2003ko ekainean sortu zuen BERRIAk web orrialdea, egunkariaren sorrerarekin batera, eta duela bi urte diseinua berritu eta atal berriak sortu zituen. Balio erantsia ematen dioten ataletan indarra jartzen ari da: Berria Telebistan, blogetan -udazken honetatik bertatik lau blogari berri dauzka: Juan Ignacio Perez Iglesias, Iker Balentziaga, BERRIAko Kultura saila eta Irune Lasa-, elkarrizketa digitaletan, webgune berezietan (Iruñeko sanferminak, Zinemaldia...), irakurleen parte-hartzean (iruzkinak, inkestak, eztabaidak), Klik! atalean, zuzeneko emanaldietan (gertaeren zuzeneko kontakizunak Twitter edo irudi bidez, Martin Ugalde Foroko hitzaldiak), euskal kanten aurrerapenetan... Aurten kanal tematikoen atala sortu du, 1 Formularekin (Bugattiko bihurgunea).
Datozen asteetan eta hilabeteetan beste berrikuntza batzuk egingo ditu BERRIA.INFOk.
komunikabideak
BERRIA.INFOk %60ko hazkundea izan du iaztik
Bisitek %57 egin dute gora eta ikusitako orrialdeek %61; astegunetan egunero 15.000 bisita dauzka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu