Komunikatu labur batekin eman du amaitutzat ETAk 60 urteko ibilbidea. Negoziazioetan erakundearen ordezkari izandako Josu Urrutikoetxearen eta Marixol Iparragirre presoaren ahotsean entzun dugu ETAk dagoeneko erabat desegin dituela bere egitura guztiak —bideoa ekoitzi du BERRIAk bien audioekin—. Genevako Henri Dunant zentroan eman du erabakiaren berri.
[youtube]https://youtu.be/U9T-AP2itF4[/youtube]
Barne eztabaidan parte hartutako militanteen %93k babestu dute ETAk bukatzea, Henri Dunant zentroko zuzendari David Harlandek Genevako ekitaldian esan duenez. Hain zuzen ere, harekin hitz egiteko aukera izan du BERRIAk eta bihar egunkariarekin batera plazaratuko den gehigarri berezian irakurri ahal izango da elkarrizketa osoa. Ez da, ordea, ETAren amaieraz eta haren historiaz hitz egin duen bakarra. Gehigarrian irakurri ahal izango dira, baita ere, hainbat biktimaren testigantzak, tartean, Ernest Lluchen alaba, Rosa Lluchena.
Horretaz gain, ETAren 60 urteko bideari eta urte horietan egindako atentatuen errepasoa egiten dion bi orriko infografia ere ikus daiteke. Horrekin batera baita garai desberdinetan ETArekin hitz egin zuten euskal politikarien soslaiak ere: Joseba Azkarraga, Rafa Larreina, Joseba Egibar eta Jesus Egiguren.
Egun historikoa
2018ko maiatzaren 3a historiako liburuetan jasoko den data izango da aurrerantzean. Hori hala izanik eta egunaren jarraipen berezia egin du gaurkoan BERRIAk. Hainbat aditu eta eragileren iritziak jaso ditu Oihana Elduaien kazetariak telebista saioan. Harekin batera egunak ekarri duenari buruz aritu dira Floren Aoiz eta Elixabete Garmendia ere.
[youtube]https://youtu.be/w5-H3kArpsw[/youtube]