Donostian, Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean izango dira igandean BERRIAko kazetariak, Gure Esku Dago dinamikak antolatutako ekitaldi guztien berri emateko. Goizean hasiko dira webgunean eta Twitterren. Oihalen zabaltzea argazkietan eta bideoetan jasoko dute. 12:30ean arreta berezia jarriko dute Baionako ekitaldian; zuzeneko kontakizuna egingo du Maddi Ane Txoperena kazetariak. Gasteizen ere zuzeneko kontakizuna egingo du Edurne Begiristainek, 14:00etan. Goizean Arrosa sareak egingo duen irratsaioa entzungai izango da webgunean (10:00etatik 12:30era). Arrosak Anoeta estadiotik zuzeneko saioa egingo du, halaber, 17:00etatik 19:00etara.
Arratsaldean, bi estadioetako (Bilbo eta Donostia) eta zezen plazako (Iruñea) ekitaldiak zuzenean ikusi ahalko dira BERRIAren webgunean; Donostian Amagoia Mujika kazetariak egingo du zuzeneko kontakizuna, Iruñean Samara Veltek eta Bilbon Iñigo Astizek. Argazkiak eta bideoak ere izango dira ikusgai.
Halaber, Instagram sare sozialetara igotzen diren argazkiak ikusgai izango dira BERRIAren webgunean. Gauean Hamaika Telebistaren saioa ere ikusgai izango da (22:00). Gaur hautetsontzia, bihar erabakia izeneko saioa Hamaikak elkarlanean egingo du Kanaldude, Ahotsa.info eta Piztu hedabideekin. Bost hiriburuetako irudiak eta testigantzak jasoko dituzte. 60 minutu iraungo du.
Astelehenean, bestalde, BERRIAk paperezko zenbaki monografikoa argitaratuko du, Gure Esku Dago-ren ekitaldien inguruko gorabehera guztiekin. 16 orriko zenbakia izango da, koloretan. Harpidedunek etxean jasoko dute zenbaki hori. Kioskoan, berriz, 0,50 eurotan izango da salgai.