Jakes Goikoetxea
2003ko otsailaren 20a eta ekainaren 21a arteko lau hilabeteak emozio eta, batez ere, elkarlan askoko egunak izan ziren, euskarazko egunkari berri bat sortzeko. Euskaldunon Egunkaria-ren itxierak eragindako elkartasuna eta amorrua proiektu berri batera bideratu ziren.
Euskaldunon Egunkaria-ko langile ohiek Euskarazko Komunikazio Taldea sortu zuten 2003ko apirilaren 29an, eta egunkari berria sortzeko diru bilketari ekin zioten, akziodunak lortzeko kanpaina publiko baten bitartez. Egunkari berria oinarri sendoekin abiatzea zen helburua eta horretarako helburu bat jarri zen: herritarren eta gizarte eragileen artean bost milioi euro biltzea. Kanpainaren amaieran, herrietako batzordeek egindako lan ikaragarriari esker, 4.595.900 euro bildu ziren, helburuaren %92. 24.404 herritarrek eta gizarte eragilek erosi zituzten akzioak.
Euskarazko Komunikazio Taldearen sorrera korapilotsua izan zen, baina enpresak sendotzea lortu du: gaur egungo aurrekontua hamaika milioi euro ingurukoa da, eta enpresak %85eko autofinantzaketa maila du. Hasierako helburu nagusiak indarrean dirau: euskarazko komunikabideak sortzea eta sustatzea, euskarazko komunikazio eremua zabaltzea eta aberastea. Ildo horretan, EKT euskarazko tokiko telebista digitalak sortzeko aukerak aztertzen ari da. EKTk euskarazko komunikabideen aldeko apustu sendoa eskatu die administrazioei, etorkizuneko erronkei aurre egiteko.
BERRIAk 18.000-20.000 erosle eta 65.000 irakurle inguru izan ditu hiru urteotan. Iaz euskarazko egunkari batek inoiz izan duen audientzia handiena izan zuen, EGMren datuen arabera: 69.000 irakurle Hego Euskal Herrian.
Erosleen artean harpidedunak dira nagusi: 11.000 inguru. Harpidedun gehienek etxean jasotzen dute egunkaria, goizeko 08:00ak baino lehen, kioskoko prezioa baino %10 merkeago; beherapenak eta abantailak izaten dituzte BERRIAk kaleratutako produktuetan; eta oparien zozketan parte hartzeko aukera ere izaten dute astero.
Irakurleek ez dute eguneroko albisteak biltzen dituen egunkari hutsa. Astean zehar hainbat gehigarri kaleratzen dira eguneroko informazioa osatzeko asmoz: Matraka gazteentzat, Mantangorri haurrentzat eta gaurkotasun gaiak eta ekonomia uztartzen dituen Igandea. Egunerokoak aurpegi berritua du, gainera, aurtengo maiatzaren 12tik, sortu zenean zuen diseinua erabat aldatu baitu.
KALITATEKO EGUNKARIA
BERRIA sortu aurretik euskarazko prentsarik irakurtzen ez zuten hainbat lagun hasi ziren BERRIA erosten eta, beren iritziz, espero zutena baino produktu hobea aurkitu zuten. 2003ko azaroan harpidedunen eta kioskoetako erosleen artean egindako azterketa baten arabera, %60rentzat BERRIA espero baino hobea zen, %32rentzat espero zutenaren parekoa, %6rentzat espero baino askoz hobea eta %2rentzat bakarrik eskasagoa. BERRIA kalitatekoa da inkesta erantzun zutenen %93rentzat, plurala %90entzat eta independentea %87rentzat. 7,8ko batez besteko puntuazioa eman zioten euskarazko egunkariari.
Egunkari nazionalaz gain, BERRIA argitaratzen duen EKTk eskualdeetako zazpi Hitza egunkari ere argitaratzen ditu: Busturialdeko Hitza, Goierriko Hitza, Irutxuloko Hitza, Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, Oarsoaldeko Hitza, Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza eta Urola Kostako Hitza. Berria eta Hitza-k aintzat hartuz gero, 200.000 lagunek irakurtzen dute euskarazko prentsa egunero.
BERRIA erreferentzia da euskarazko prentsan. Euskarazko prentsaren elkarlanaren alde egin du eta sektorearen aldeko ekimenak bultzatu eta babestu ditu. Horrez gain, Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkarteko (MIDAS) Zuzendaritzako kidea da.
Egunerokoa egiteaz gain, euskarazko egunkariak kultur produktuak ere sustatu eta banatu ditu: liburuak (Anjel Lertxundiren Sei hiri, sei Italia eta Lorea Agirreren Gezurra ari du), bildumak (sukaldaritza gida, mendi ibilaldiak, ipuin harrigarriak, eta Pirritx eta Porrotxen familien karta jokoa), diskoak (Lazkao txiki, bat-bateko sorgina), DVDak (euskarazko filmak) eta bestelakoak (Koldo Zuazo hizkuntzalariak egindako euskalkien mapa berria).
Babesle eta sustatzaile lana ere egiten du BERRIAk: besteak beste, Martin Ugalde Foroa sortu zuen iaz, euskarazko prentsan erreferentzia izan den Martin Ugalderen omenez (Andoain 1921, Hondarribia 2004), eta Antiguako Krosa antolatzen du Bagera elkartearekin.
BERRIAk milagarren zenbakia kaleratu du gaur
Espainiako Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Euskaldunon Egunkaria, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz. Orduan inor gutxik pentsa zezakeen itxiarazitakoaren pareko euskarazko egunkari berri bat kalean egon zitekeenik lau hilabete geroago. Alegia, euskarazko egunkari berri batek 2006ko irailaren 8an milagarren zenbakia kaleratuko zuenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu