LoreaAgirre
«Egunkaria zenaren eta BERRIA denaren talde horretako sentitzen naiz. Bertan hazi eta hezi naiz, bertan ikusten dut mundua, bertatik jasotzen eta ematen ditut berriak. Niretzat, etxera etortzea bezala da».
HurGorostiaga
«BERRIA gure herriarekin lotzen gaituen zilbor hestea da, euskalduntasunean eta lurraldetasunean elikatzen gaituelako. Hau esango nuke: egunkari bat erosten dugunean, pentsatzeko nori ari garen dirua ematen».
BeatrizZabalondo
«Gaurko hau egun garrantzitsua zen, langile eta langile ohi guztiak hemen izateko. Denei esan behar zaie BERRIA proiektu garrantzitsua dela Euskal Herriarentzat, eta hori adieraztera etorri naiz».
AndresGostin
«Iruditzen zait BERRIAn eta haren inguruan egiten diren gauza guztiek merezi dutela. Oso-oso proiektu garrantzitsua da euskal komunitate osoarentzat. Gure ekarpen txikia egin beharko genuke denok».
AinaraMendiola
«BERRIA etxetzat daukat. Premiazkoa da euskarazko komunikabideak edukitzea, euskaraz bizitzeko. BERRIA, eta beste komunikabideak, eta euskalgintzako proiektuak babestu behar direla iruditzen zait».
PatxiPetrirena
«Proiektu honetan lan egin nuen hamar urtez. Orain, irakurle eta harpidedun naizenez, euskarazko egunkaria eta komunikazio eredu hau beharrezko ikusten ditut, eta iraupenean laguntzeko prest gaude».
KristinaBerasain
«BERRIAri ziztada egitera etorri gara. Euskaldunon egunkaria da, eta gure erreferentea izan da azken urteotan. Espero dugu etorkizunean ere gure inguruko eta nazioarteko albisteak euskaraz irakurri ahal izatea».
EstitxuElduaien
«Euskararentzako eta normalizazioarentzako proiektu ezinbestekoa da. Euskaraz bizitzeko, beharrezkoa da sektore guztietan egotea, eta euskaraz bizi nahi duenak euskaraz informatzeko eskubidea dauka».
AlbertoBarandiaran
«BERRIA bezalako proiektu bat ezin da utzi krisiaren mende. Egunero prentsa euskaraz egoteak erakusten du badagoela nahikoa indar hori egin dezakeen talde bat biltzeko, eta irakurleak ere badaudela atzean».
ZelaiAmenabarro
«Horregatik gaude hemen, euskal gizarteari erakusteko haren laguntza behar dugula; eta esateko, sentitzen badute prentsa euskaraz jaso behar dugula eta gure eskubidea dela, haien laguntza behar dugula».
PelloUrzelai
«Komunikazio proiektu guztiek biziberritu behar dute garaiekin batera. Hori ezin da egin jendearen komunikaziorik gabe. Salto bat egin nahi dugu biziberritzeko, eta behar da bultzada berezi bat horretarako».
SamaraVelte
«Gure belaunaldiak aukera izan du, neurri handi batean, bizitza euskaraz egiteko. Ez dakit benetan igartzen den euskarazko egunkari bat egongo ez balitz zenbat galduko genukeen. Ez da paper zati bat, askoz gehiago da».