euskal herria

BERRIAko langileek 300 euroko laguntza emango diote euskal presoen dokumentalari

'Barrura begiratzeko leihoak' filmaren egileek "adierazpen eta sormen askatasunean jasan duten erasoagatik" lagunduko dute, elkartasun gisa. Zinez ekoiztetxeak uko egin dio Donostiako Udalaren diru laguntzari, Espainiako Gobernuaren kanpaina bat dela medio.

2012ko ekainaren 29a
15:50
Entzun

BERRIA Taldeko langileek Barrura begiratzeko leihoak euskal presoei buruzko dokumentalari 300 euroko laguntza ematea erabaki dute, "filmaren egileek adierazpen eta sormen askatasunean jasan duten erasoagatik".

Euskarazko hedabide taldeko langileek gogoratu dute 2003an Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren ondorioz "herritarren laguntza moral eta ekonomiko eskergarria" jaso zutela eta, hori gogoan izanik, orain eurek aipatutako dokumentala laguntzea erabaki dutela. 

Espainiako Gobernuaren kanpaina bat dela medio, filmaren Zinez ekoiztetxeak uko egin dio Donostiako Udalaren bederatzi mila euroko laguntzari, atzo jakinarazi zuenez. Laguntza publiko oro baztertu duela zioen, baina gogoratu zuen herritarren-eta babes ekonomikoa lortzeko kanpaina bat baduela.

Hain zuzen, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak aste honen hasieran esan zuen Bildu legez kanpo uzteko arrazoia izan zitekeela udalaren laguntza —Bildu dago Donostiako udal gobernuan—.

Josu Martinezek, Eneko Olasagastik, Mireia Gabilondok, Enara Goikoetxeak eta Txaber Larreategik zuzendutako dokumentala da Barrutik begiratzeko leihoak. Bakoitzak preso bati buruzko istorioa kontatu du. Irailean estreinatzeko asmoa daukate.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.