Arkaitz Zarraga. BERRIAk den modukoa izaten jarraitu behar du, baina batzuetan nazio ikuspegi zabalagoa beharko luke. Gipuzkoan egiten da eta igartzen da. Bizkaian, esaterako, oso hedapen txikia du. Gernika aldean, Euskal Herriko zonalderik euskaldunenetakoan, ia-ia ezinezkoa da BERRIA aurkitzea! Egunkariak saltzen dituzten lekuetan oso gutxitan saltzen dute, eta horietan ere oso kopuru txikian.
Aitor Apraiz. Zaila ikusten dut gaur egun hedabideen finantzazioa. Jendeak dena dohainik eta bat-batean izateko ohitura onartu du, eta nekez ordainduko du informazioa. Aterabide bakarra google eta abarren sisteman ikusten dut. BERRIAren web orrian egin daitekeen iragarki eta publizitatearen bitartez finantzatzera iristen ez bada... Beharbada horrekin bakarrik ez, baina iragarki eta enpresen diruarekin ez bada mantentzen, norbanakoen diru iturriak oso ibilbide laburra duela uste dut.
Fernando Zabaltza Goikoetxeaundia. Batzuetan entzuten edo ikusten ditugu berriak, baina ez dugu tutik ulertzen. Badaude beste alternatibak edo funtzionatzeko moduak, eta zergatik ez dira ezagutzera ematen hedabide korriente honen bidez guztioi ailegatzeko. Prentsa iritzia sortzeko aukera baldin badago, zergatik ez da idazten gehiago beste eredu ekonomiko eta sozialak erakusteko.
Xumai Murua Berra. BERRIAk izan behar du Euskal Herrikoa eta euskaldunen herrietakoa. Hitza-rekin pauso handiak eman dira horretan.
Alex Mendizabal. Erabiltzen duzuen euskararen berrikuntza behar da. Euskarak errazera jo behar. Beldurrik ez izan. Beldurrik gabeko euskara, paper eta digitalera!
Pello Akizu. Hedabideen etorkizuna iluna da, ez zaie aitortzen hizkuntzaren normalizazioan duten balioa eta gizarteari egiten ari diren ekarpena.
Oscar Sanz de Acedo. Euskal Herriko agenda bat egitea proposatuko nuke. Oso lagungarria izango litzateke jakitea zer egin daitekeen eta non, euskaldunon ikuspuntutik. Orain arte ez dut agenda on bat aurkitu herrialde guztiak batzen duena.
J. Basterra. BERRIA Taldeak egindako lana izugarri ona iruditzen zait. Hala ere, aipamen bat egitera ausartuko naiz: krisia badago eta horrek eragin handia eduki dezake, baina gazteengana nola hurbildu izan daiteke gakoetariko bat. Unibertsitatean gazte pila ari da ikasten eta hor begirada bat botatzea ez legoke gaizki, hor baitago etorkizunaren zati bat. Beharbada ez dira paperean idatzitakoan sartuko, baina Interneten bidez ziur baietz; kontua da nola harpidetu hilero hamar euroko ekarpena egiteko.
Jose Agustin Arrieta. Egoera ekonomiko guztiz makur honekin, ez da erraza izango... Borondatea bai, gogoa ere bai, handia, baina... Ea Jaurlaritza BERRIArengandik BERRIArentzako benetako ziztada erabakigarria lortzen dugun.
Iñaki Gabarain. Nik uste dut BERRIAlagunak edukitzea garrantzitsua dela baina egunkari batek irakurleez bizi behar du, garrantzitsuena irakurleak biderkatzea da, euskaldunon egunkaria izan behar du. Niri gehiegi gustatu ez arren, gazte asko egunkaria irakurtzen kiroletatik hasten dira, futboletik, eta beste gaiak interesatzen hasten zaizkienerako futbol eta kirol asko zegoen egunkari horretara ohituak egoten dira. Agian, kirolei tarte handiagoa eginez gazteengana gehiago helduko zinatekete.
Lurdes Txikun. Ez dira une errazak dirua eskatzeko. Gu saiatu gara eta ez dugu erantzun egokirik jaso. Zuzena eta pertsonala izan behar dela uste dut, nahiz eta dirua poltsiko beretik irteten den. Hainbat erakunderen datu baseak erabili beharko genituzke? Herriz herri landu behar, baina erakundeetara jo, ea animatzen diren. Arlo honetan itunen sistemari egokia deritzot.
Asier Lafuente. Internetak paperari lekua kenduko dio, eta Internetek ez du dirurik ematen.
Martin Eraso. Jakina posible dela bideragarria izatea! Jendeak kontzientzia hartu behar du.
Joseba Irazabal. Proiektua bideragarri egiteko daukazuen baliabideak aprobetxatuta zerbitzu eskaintza zabaldu, dibertsifikatu. Eta beste komunikabide batzuekin hitzarmenak sinatu elkarlanerako, eta horrela gastuak murrizteko.
Felix Etxabe. Bideragarritasuna iragarkien bidetik lortu behar da, eta horretan enpresa edo negozio txiki eta askoren laguntzan oinarritu prezio bereziekin. Hobe da gutxi kobratzea iragarki tarteak, hutsik geratzea baino garestiak direlako.
Xabier Rico Iturriotz. Nik uste dut ausartagoa izan beharko litzatekeela diseinuan. Ez da erraza zerbait hobea egitea, baina nik oso gustukoa dut Kataluniako Ara egunkariaren diseinua eta estiloa.
Jesus Vicente Pascual Fernandez. Tokian tokiko informazioa faltan dut, baita lurralde bakoitzeko euskalkia ere. Hots, Bizkaiko Hitza bezalako gehigarria (bizkaieraz), baina egunero. Emandako adibidea garatu beharko litzateke lurralde guztietan. BERRIAren berriak gehienak hegoaldekoak dira, baina ez hori bakarrik, baizik eta berrien ingurko azalpenak, hausnarketak, ikuspuntuak ere bai. Euskalkiei dagokienez, zer esanik ez. Bertako euskalkiak, hiztunen aldetik gutxiago izateaz gain, ez dira ofizialak eta galera nabariagoa da. Odoluste horren aurkako ekimena izan liteke Iparraldeko Hitza indartsu bat. Horrelako gehigarriarekin publizitatea ere eskura daiteke.
Aitor Etxebarria. Euskara hutsezko egunkari bakar baterako esparrua baino ez dagoela uste dut. Horrekin esan nahi dut ezin dugula izan merkatuan sentsibilitate (politiko, ideologiko, kultural...) ezberdinetako egunkari ezberdinak, gaztelerazkoen kasuan diren bezala. Ezker/eskuin, abertzale/ez abertzale... sentsibilitate bakoitzak badu, gutxi gorabehera, berarengandik gertukoen egunkaria. Euskarazkoaren kasuan, bakarra dugu. Eta badakit zaila dela hau lortzea. Zalantza dut posible edo egokia den ere. Izan ere, denen gustuko egunkaria inoren gustukoa heltzera izan daiteke. Esan bezala, zein irtenbide eman honi? Ez dakit, baina sentsibilitate ezberdinen presentzia kontuan hartzekoa da. Agian, mundu abertzalegora mugatzea, baina bere osotasunean hartuta, erdibideko irtenbidea izan liteke... Gaur-gaurkoz nik esango nuke eskuineko abertzale askori ez diola asko axola BERRIAren etorkizunak. Egoera horri buelta ematea lortu beharko genuke.
Zelai Nikolas. Erakunde publikoek euskararen erabileraren aldeko politika martxan jartzen duten heinean euskal hedabideen beharra azaleratuko da eta, beraz, bultzatu eta lagundu beharko genituzke euskaraz bizitzeko plangintza instituzionalak. Bestalde, harpidetza ikastetxeen ikasleen artean zabaldu eta sustatu beharko litzateke, baita metro edota beste garraio publikoko sarreretan ere, eguneko edo asteko laburpenak oparituz, dagokion harpidetza eskariak opariaren bidez banatuz. Gazteengana hurbiltzeko estrategiak landu beharko lirateke.