Berrialaguna

BERRIAlagunak lortzeko eta herriko merkataritza sustatzeko kanpaina abiarazi dute Ordizian

Herriko komertzioetan euskararen erabilera bultzatzeko eta kazetari sostengua emateko bat egin dute 87 merkatarik. 1.000 euroko txeke bat zozkatuko dute erosleen artean hilaren 29an. [Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2236/[/Berriatb]

Oihan Vitoria.
2014ko azaroaren 13a
13:31
Entzun

Kezka ekonomikoaren itzala bistakoa da oraindik euskal gizartean. Bai saltokiek eta bai hedabideek gertutik igartzen diete ondorioei. Sasoi zailak dira; are nekezagoak euskara ardatz daukatenentzat. Egoera latz horri buelta emateko herriz herriko merkatariek eta euskarazko kazeta nazionalak beste bultzada bat behar dutela iritzirik, urrats sendoa egin dute Ordizian, Gipuzkoan: gaurtik martxan dago herriko 87 merkatarik BERRIAren eskutik atondu duten kanpaina. Asmo bikoitza du egitasmoak: alde batetik, herriko merkataritza sustatzea; bestetik, berriz, BERRIAlagunen komunitatea handitzea.

Herriz herriko dendak bidelagun izan ditu maiz BERRIAk, eta elkarlanaren fruituak azaleratu dira orain ere. «Probako esperientzia» gisa, BERRIAk egin die proposamena Ordiziako dendariei, eta, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak nabarmendu duenez, harrera «ezin hobea» eduki du proiektuak: «Lehenbizikoz antolatu dugu era honetako kanpaina bat, eta ez genuen horrelako harrera espero. Pozgarria izan da merkatarien erantzuna». Eta ez da gutxiagorako, denbora gutxian nabarmen egin baitu gora Ordiziako BERRIAlagunen kopuruak: lehen, hamabost ziren BERRIA sostengatzen zuten dendariak; gaur egun, 87 dira orotara.

Guztiek sostengua eman diote euskarazko egunkariari, eta kanpainaren beste jomuga bat euskararen erabilera indartzea den heinean, BERRIAlagun gehiago erakartzea espero dute norbanakoen aleak batuz. Egitasmoa inguruko udalerri batzuetara ere zabal daitekeela gaineratu du Otamendik.

Ordiziako Udalaren babesa ere eskuratu du herriko merkatariek BERRIA kazetarekin hartu-emanean prestatutako sustapen kanpainak. Xehetasunak eman ditu Igor Eguren alkateak: «Onurak baino ez dauzka. Euskararekin lotutako proiektu mesedegarria da. Guzti-guztiontzat, gainera; bai BERRIArentzat, bai dendarientzat eta bai hizkuntzarentzat ere». Egurenek «premiazko» du euskarazko kazetaren jarduna, eta «aberasgarri» deritzo merkatariekin batera jarduteari: «Kanpaina alde biko joan-etorri bat da, azken finean».

Erosketa bat, txartel bat

Iritzi bera du Danel Etxeberriak, Ordiziako merkatarien elkarteko ordezkariak: «Beso zabalik hartu dugu proposamena. Ohorea da aurreneko esperientzia Ordizian jartzea abian». Antzeko bidetik jo du Orkli enpresako Asier Lekuonak. Hedabideak euskara sustatzeko «estrategikoak» direla uste du. «Ditugun aukera apurrak baliatu, eta, bide batez, BERRIA laguntzeko aleak jarri behar ditugu egunerokoan», azaldu du.

Zozketa bat prestatu dute kanpainaren barruan. Parte hartzeko, BERRIAlagun diren denda eta tabernetan txartel bat baino ez da bete beharko; txartel horiek saltokietan jasoko dituzte bezeroek erosketaren bat egiten duten bakoitzean. Gaurtik hilaren 28ra parte hartu ahalko da zozketan.

Hilaren 29an, larunbatarekin, jakinaraziko dute irabazlea, 19:00etan Ordiziako plazan egingo duten jaialdian. Saria: mila euroko txekea, BERRIAlagun diren saltokietan nahierara gastatzeko. Beste zozketa bat egingo dute dendarien artean ere. Garaile irteten den merkatariak mila euroko bonua eskuratuko du BERRIAn iragarkiak jartzeko.

Egun, 13.000 lagunek osatzen dute BERRIAlagunen komunitatea urtean, 100 euro jarrita; banakoak dira horietako 5.000 inguru. 2015erako 15.000ra iristea nahi luke taldeak. BERRIAlagunen dinamikari eustea inoiz baino garrantzitsuagoa dela esan du Otamendik, eta sostengu horretan urrats bat gehiago egitera deitu du. BERRIAlagun izan nahiz gero, www.berria.eus/berrialaguna webgunean edo (0034) 943-30 43 45 telefonora deituta egin daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.