BERRIA TALDEA

BERRIAlagunekin batzarra egingo du BERRIAk, etorkizuneko proiektuak aurkezteko

BERRIA webgune berritua ari da prestatzen, eta aurretik BERRIAlagunen ekarpenak jaso nahi ditu. Larunbatean Andoainen eta asteazkenean Bilbon dira batzarraren hitzorduak.

urtzi urkizu
2013ko urriaren 17a
17:35
Entzun

Azkeneko bi urteetan BERRIAlagunak sustengu garrantzitsua bilakatu dira BERRIA komunikazio taldearentzat. Sostengua ez da ekonomikoa bakarrik.

BERRIAren komunitatearentzat funtsezkoa da BERRIAlagunen iritziak eta ekarpenak jasotzea. Horregatik, BERRIA berritzeko prozesua zertan den jakin ahalko dute datozen egunetan BERRIAlagunek, eta euren ideiak emateko aukera izango dute.

Larunbatean eta asteazkenean egingo dituzte BERRIAlagunen batzarrak; larunbateko hitzordua Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean izango da, goizeko hamarretan. Eta asteazkenekoa, Bilboko La Bolsa aretoan, 18:30ean.

Urteroko batzarrean, urteak eman duena eta etorkizuneko erronkak partekatzen ditu BERRIAk BERRIAlagunekin. Irakurlearen begirada jasotzea funtsezkoa baita euskarazko egunkariarentzat.

Aurtengo batzarrean, azkeneko hilabeteetako gogoetak zer eman duen jakin ahalko dute BERRIAlagunek, eta tartean webgune berrituaren nondik norakoak ezagutu ahal izango dituzte.

Webgune berrituak zer ardatz izango dituen, zer izaera izango duen eta informazioa emateko modua nolakoa izango den jakin ahalko dute BERRIAlagunek, baita irakurleen parte hartzea nolakoa izango den ere.

Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak emango ditu webgune berrituaren inguruko xehetasunak. Iritziak emateko aukera izango dute BERRIAlagunek —harpidedunak ere BERRIAlagunen taldean sartzen dira—.

Batzarretara joan ezin dutenek ere ekarpenak egiteko aukera izango dute, [email protected] helbide elektronikoan.

Batzarrean, halaber, BERRIAlagunen bideak orain arte eman duenaren balantzea egingo dute. 2014. urterako komunitatea zabaltzeari begira proposatzen diren lan ildoak ere azalduko dituzte.

Hamar urte bete ditu aurten Berriak. Eta hamargarren urteurren horren ospakizunak tarteko, BERRIAlagun asko egin dira. Horrek arnas handia ematen dio Berriari, aurrera egin ahal izateko. Azkeneko hilabeteetan produktu garrantzitsuak egin ahal izan dira, BERRIAlagunen ekarpenari esker. Adibidez, apirilean, Ibilkari kanala jarri zuen martxan Berriak, mendiko jardueren inguruko albiste, erreportaje eta elkarrizketak sarean euskaraz jasotzeko zegoen gune baten beharrari erantzuteko. Mendizaleen artean harrera beroa izan du Ibilkariak (kanalak.berria.info/mendia). Ainhoa Lendinez da kanalaren arduraduna, eta mendiko jardueren diziplina guztietako kirolariak bildu ditu kolaborazioak egiteko.

Ekainean, bestalde, Berriaren estilo liburu digitala aurkeztu zen (www.berria. info/estiloliburua). Erabiltzaileak erraz aurki  dezake zernahi Berriaren estilo liburu digitalean, zein ataletan dagoen jakin gabe ere. Izan ere, bilatzaileak ondo ordenatuak erakusten  ditu emaitzak. Era berean, berrikuntza garrantzitsua da estilo liburua etengabe eguneratu eta edukiak gehitu ahal izatea. Gainera, zerbait biziki interesgarria gehitzen denean, ohartxo bat jartzen da azalean, erabiltzaileak horren berri izan dezan. Hala nahi duen erabiltzaileak modua du estilo liburuaren arduradunei iradokizunak egiteko.

Berriaren azkeneko produktu nabarmenena GALen inguruko gune multimedia da. Asteazkenean bete ziren 30 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu zituenetik. Euskarazko egunkariak urteurren hori baliatuz jarri du martxan gunea www.berria.
info/GAL
helbidean. Eider Goenagak koordinatu du lana eta 40 langilek hartu dute parte. Halako lanak egiten jarraitu nahi du euskarazko egunkariak, eta horreratarako funtsezkoak dira BERRIAlagunen ekarpenak.

Interneten ondo kokatzeko ahaleginean jo eta su ari da lanean BERRIA Taldea. Eta lan horren baitan aurkeztuko du epe laburrean webgune berritua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.