BERRIA TALDEA

BERRIAlagunen batzarra egin dute Andoainen

Gaur egun, BERRIAlagunen komunitate zabala du BERRIAk. 13.000 lagun inguru dira urtero ekarpen egonkorra egiten dutenak; horietatik, 8.500 harpidedunak dira, eta 4.500, BERRIAlagunak.

Otamendi, gaurko batzarrean. BERRIA.INFO
urtzi urkizu
2013ko urriaren 19a
15:13
Entzun

Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean BERRIAlagunen bigarren batzarra egin dute gaur goizean. Oraingoan bi dira hitzorduak, eta gaur Andoainen egon ezin izan dutenek asteazkenean izango dute beste aukera bat Bilbon, 18:30ean, Bilboko Bolsa aretoan, Bolsa-Ibaiondo auzo etxean (Pilota kalea, 10). Batzarraren helburua BERRIAlagunen iritziak eta ekarpenak jasotzea da, eta bide batez, BERRIA berritzeko prozesua zertan den azaldu. Ez Andoainera eta ez Bilbora joan ezin dutenek [email protected] posta elektronikora idatziz egin ditzakete euren ekarpenak.

Andoaingo batzarraren hasieran Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak BERRIAk euskarri digitalean hamar urtetan egindako bidea azaldu du eta webgunea berritzeko asmoaren inguruan azalpenak eman ditu: berritzen ari diren webguneak zer ardatz izango dituen, zer izaera izango duen eta informazioa emateko modua nolakoa izango den. Horrez gain, etorkizuneko erronkak ere hizpide ditu. Batzarrean, halaber, BERRIAlagunen komunitatea sortzeko bideak orain arte eman duenaren balantzea egitn du Joanmari Larrartek. 2014. urtean komunitatea zabaltzeari begira planteatzen ari diren lan ildoak ere bai.

BERRIAlagunak sostengu garrantzitsua bilakatzen ari dira BERRIA Taldearentzat, harpidedunez gain. Sostengua ez da ekonomikoa bakarrik. BERRIAren komunitatearentzat funtsezkoa da BERRIAlagunen iritziak eta ekarpenak jasotzea. Urteroko batzarrean, BERRIAk urteak eman duena eta etorkizuneko erronkak partekatzen ditu BERRIAlagunekin. Irakurlearen begirada jasotzea funtsezkoa baita euskarazko egunkariarentzat.

Batzarrean parte hartu duten BERRIAlagunek galdetu du ea BERRIAk dirua kobratuko dien Interneteko irakurleei. BERRIAko ordezkariek erantzun dute ezetz, Interneteko edizioak doakoa izaten jarraituko duela. "Bidea doakoa dugula uste dugu. Eta bide horretan BERRIAlagunen komunitatearen ideia sortu genuen 2011. urtean", esan du Ainara Lasa marketin arduradunak. Publizitatean 2008tik galera handia izan dute bai BERRIAk bai komunikabide guztiek. Ondorioz, beste diru sarrera batzuk lortzeko lanean ari da komunikazio taldea. 

Juan Mari Sansinenea BERRIAren harpideduna da aspalditik. Eraikitze prozesuan den web berria "txukunagoa" iruditu zaio. "Berrikuntzak egin behar dira, eta pozgarria da ikustea badagoela jendea ideiekin". Arantxa Diaz de Ilarraza BERRIAlagunak ere gustura parte hartu du batzarrean, sortze bidean den webgunea ikusteko aukera izan duelarik. "Interneten sartzen naiz, baina hala ere nik nahiago dut egunkaria paperean irakurri", gaineratu du.

'Ibilkari', estilo liburua, GAL...

Hamar urte bete ditu aurten BERRIAk. Hamargarren urteurren horren ospakizunak tarteko, BERRIAlagun asko egin dira. Laguntza ekonomiko eta babes horrek arnasa handia ematen dio BERRIAri, aurrera egin ahal izateko. Azkeneko hilabeteetan produktu garrantzitsuak egin ahal izan ditu taldeak, BERRIAlagunen ekarpenari esker.

Apirilean, Ibilkari kanala jarri zuen martxan BERRIAk, mendiko jardueren inguruko albiste, erreportaje eta elkarrizketak sarean euskaraz jasotzeko gune baten beharrari erantzuteko. Mendizaleen artean harrera beroa izan du Ibilkari kanalak (kanalak.berria.info/mendia). Ainhoa Lendinez da haren arduraduna, eta mendiko jardueren diziplina guztietako kirolariak bildu ditu kolaborazioak egiteko.

Ekainean, bestalde, BERRIAren estilo liburu digitala aurkeztu zen. Erabiltzaileak erraz aurki dezake zernahi BERRIAren estilo liburu digitalean, zein ataletan dagoen jakin gabe ere. Izan ere, bilatzaileak ondo ordenatuak erakusten ditu emaitzak. Era berean, berrikuntza garrantzitsua da estilo liburua etengabe eguneratu eta edukiak gehitu ahal izatea. Gainera, eduki berriak gehitzen direnean, ohar bat jartzen da azalean, erabiltzaileak horren berri izan dezan. Hala nahi duen erabiltzaileak modua du estilo liburuaren arduradunei iradokizunak egiteko.

BERRIAren azkeneko produktu nabarmenena GALen inguruko gune multimedia da. Aste honetan bete dira 30 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu zituenetik. Euskarazko egunkariak urteurren hori baliatuz jarri du martxan gunea,  helbidean. Eider Goenagak koordinatu du lana, eta berrogei langilek parte hartu dute. Halako lanak egiten jarraitu nahi du euskarazko egunkariak, eta, horreratarako, funtsezkoak dira BERRIAlagunen ekarpenak.

Interneten ondo kokatzeko ahaleginean gelditu gabe ari da lanean BERRIA. Eta lan horren barruan, webgunea berritzeko prozesuan ari da. Sare sozialetan egindako lanaren erakusgarri, berriz, joan den astean 20.000 jarraitzaileren marka gainditu zuen Twitterren. Facebooken, 12.000 baino gehiago dira jarraitzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.