Argia Sariak

BERRIAren igandeetako azalek irabazi dute prentsa idatziko Argia saria

Hankak lurrin umorezko irratsaioa, Ez, eskerrik asko. Gladysen Leihoa dokumentala, Egunean Behin aplikazioa, apustu etxeen aurkako taldeak eta Gure Zirkua izan dira gainontzeko irabazleak.

2020ko Argia saridunak, gaur Usurbilen egin den ekitaldian. JUAN CARLOS RUZ / FOKUI
2020ko urtarrilaren 31
19:16
Entzun

2020ko Argia sariak banatu dituzte gaur arratsaldean. Sei sari eman dituzte Usurbilgo Atxega jatetxean eginiko ekitaldian: prentsa idatzia, irratia, ikus-entzunezkoa, Internetekoa, kanpainarik onenarena eta merezimenduzkoa. BERRIAren igandeetako azalek irabazi dute prentsa idatziko saria. Igandeetan egunkariak eskaintzen duenaren «erakusleiho» gisa definitu dituzte azalak Jakes Goikoetxea kazetariak eta Maixa Olano diseinatzaileak. Hankak lurrin umorezko irratsaioa, Ez, eskerrik asko. Gladysen Leihoa dokumentala, Egunean Behin aplikazioa, apustu etxeen aurkako taldeak izan dira beste sarituak. Merezimenduzko saria, berriz, Gure Zirkuak irabazi du.

BERRIAren azalak egunkariak «igandeetako eskaintza iraultzeko apustuaren» erakusgarri direla azaldu du Goikoetxeak, «barruko mamiaren» isla. 2014ko ekainean argitaratu zen lehena, Gure Esku Dago-k antolatutako giza katearen harira: Esku bete itxaropen. Maitane Gartziandia Argia-ko diseinatzaileak eman ditu saritu izanaren arrazoiak, eta azalek «bereizgarri duten ukitu freskoarekin» gaur arte iraun izana azpimarratu du.

Irratiko saria emateko orduan, euskaraz «umore kabroia» egiten duten saioak ezohikoak direla nabarmendu du Eneritz Arzallus kazetariak. Hor kokatu du Hankak lurrin saioa, 2013tik «taberna libre batean» baleude bezala egiten den irratsaioa. Umorea izan dute hizpide saria jasotzean ere, eta «irizpiderik gabe, txukuntasunik gabe, ia nahi gabe bezala» egiten den saiotzat jo dute esatariek eurena. Arrosa sarearen babesa eskertu dute, eta adierazi hura gabe ezingo litzatekeela halako irratsaiorik egin.

Ez, eskerrik asko. Gladysen Leihoa dokumentalak «oroimena, justizia nahia eta transmisioa» ardatz dituela azpimarratu du Argia-ko kazetari Lander Arbelaitzek. Iraganeko testigantzak, irudiak eta dokumentuak gaur egunera ekartzeko gaitasuna ere nabarmendu du kazetariak. Interneteko saria, berriz, Egunean Behin aplikazioak irabazi du, jada 60.000 lagunengana iritsi den jokoak. «2019ko egunak galdera existentzialez betetzea» eskertu die Xabier Letona Argia-ko kazetariak egileei, baita komunera joatea «emaitza jakinik gabeko abentura bat bilakatzeagatik».

Kanpainarik onenaren saria jaso duten eragileak ugari izan dira, denek ere helburu bera dutenak: apustu etxeak herri eta auzoetatik ateratzea. Gasteizko, Bilboko, Iruñeko eta Azpeitiko taldeetako kideek azaldu dute urteak daramatzatela lanean, eta eskerrak eman dizkiete Argia-ko kideei, «bazterrean daudenei ahotsa emateagatik». Apustu etxeen aurka lanean jarraitu beharra ere azpimarratu dute.

Ekitaldiko azkena merezimenduzko saria izan da: Gure Zirkuari eman diote, «Euskal Herriko txoko ugaritara umorea, goxotasuna eta harritzeko gaitasuna» eramateagatik. Sortzaileetako batek, Iker Galartzak, azaldu du «ferietako salerosle» direla onartu dutenean iritsi zaiela errekonozimendua.

«Denon eskura»

Mikel Garcia Argia-ko kazetariak argi utzi du eurak ez direla «neutralak». Aldizkariaren 100. urteurrenean ere hala adierazten saiatu direla azaldu du: «Munduari begiratzeko eta munduan jarduteko dugun manera izan dute ezaugarri mendeurreneko ekitaldiek; deskolonizazioan aurrera egiteko baliatu ditugu». Mendeurrenarekin lotuta, ehun urteko ondarea lizentzia librean «denon eskura» utziko dutela ere adierazi du; aldizkari guztiak eta argazki artxibo historikoa digitalizatzen ari dira.

Instituzioekiko harremanak ere izan ditu hizpide Garciak. Azaldu du euskal prentsan «lan baldintzak duintzeko eta sektorea egonkortzeko» helburua izan behar dutela harreman horiek, eta horretarako «abiapuntu ontzat» jo ditu 2019an diru laguntzetan izaniko aldaketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.