Berriak hamabost urte

BERRIAren proiektuak badu etorkizunik, eragileen iritziz

Erakunde, alderdi politiko nahiz euskalgintzako hainbat eragilek balioa aitortu diote BERRIAren hamabost urteotako ibilbideari, euskarari ekarpen garrantzitsua egin diola iritzita.

Leporaino bere zen Martin Ugalde kultur parkeko areto nagusia, BERRIAren hamabosgarren urteurreneko ekitaldian. JON URBE, FOKU
2018ko ekainaren 21a
11:18
Entzun

Hainbat erakunde publiko, alderdi politiko eta euskalgintzan jarduten duten eragileetako ordezkari ugari bildu ziren, atzo, BERRIAk bere hamabosgarren urteurrena ospatzeko Martin Ugalde kultur parkean (Andoain, Gipuzkoa) egin zuen ekitaldian. Guztiek agertu dute konfiantza BERRIAren proiektuarengan egungo egoera gainditu eta etorkizuneko erronkei heltzeko.

"BERRIAk euskarari eman dio eguneroko euskarri bat, aktualitateaz eta iritziaz gure hizkuntzan jabetzeko". Horixe da, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren iritziz, BERRIAk egin duen ekarpenetako bat. Gainera, uste du gai izan dela "komunitate leial bat" sortzeko, eta lortu duela "erreferente" izatea. Kazetaritzan "aldaketa handia" gertatzen ari da, baina horrek "hedabide tradizional guztiei" eragin die modu berean. Etorkizunari begira, atzoko ekitaldian aipatutako esaldia errepikatu du: "Etorkizuna eraiki egin behar da".

Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalen arabera, BERRIA "Egunkaria-ren segida" da. "Hor ez da etenik izan, eta BERRIAk erakutsi du posible dela euskarazko hedabide bat egitea". Iruditzen zaio kazetaritza, beste alor asko bezala, "eraldaketa handia" ari dela jasaten, eta "garai berrietara egokitu" beharko dela. Gai horri heldu beharko zaiola adierazi du, "administrazioarekin elkarlanean". BERRIAren eta kazetaritzaren etorkizunari dagokionez, "itxaropentsu" agertu da Mendizabal.

Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkide da Dabid Anaut, EH Bildu koalizioaren eskutik. Haren ustez, BERRIAk ezinbesteko ekarpena egin du euskaldunen beharrak asetzeko: "Euskaraz bizitzeko aukera eman digu". BERRIAk, euskarazko egunkaria izanik, "zailtasunak" dituela uste du. Halere, egunkariaren inguruko komunitatea zabaltzeko ahalegin handia egin dela uste du, eta euskaldunak gai izango direla etorkizuneko erronkari eusteko: "Euskarak etorkizuna duen neurrian, BERRIAk ere badu".

EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Lander Martinezen esanetan, BERRIAk eginiko ekarpen nagusia "euskarazko hedabide bat" izatea da, paperezkoa eta digitala. Komunikabideen egoera zaila dela adierazi du Martinezek, batez ere, paperarena: "Are gehiago, euskarazkoentzat". Hori kontuan izanik, instituzioek euskarazko hedabideen aldeko "apustu serio bat" egitea ezinbestekotzat jo du. Gustatu ez arren, papera desagertu egingo dela ere uste du: "Ikusteko dago zer-nolako kazetaritza izango dugun etorkizunean".

Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariaren ustez, BERRIAk hainbat ekarpen egin ditu: "Mundu bat zabaldu digu euskaraz, eta herri gisa mundura euskaratik abiatzeko tresna eman digu". Kazetaritza "krisi egoeran" dagoela iruditzen zaio, baina uste du, aldi berean, krisi egoera hori izan daitekeela "aurrera salto egiteko" aukera bat. Geroari begira, baikorra da. "Proiektu sendo bat baldin badago abian, baliabideak badaude, asmoa badago, ez dago inongo arrazoirik baikor ez izateko".

AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikaren hitzetan, "BERRIA da euskaraz dagoen egunkari nazional bakarra", eta euskararekin eta euskal kulturarekin duen konpromisoa "ikaragarria" da. "Ez dut irudikatzen euskara normalizatu bat BERRIA eskuetan izan gabe". Pentsatzen du kazetaritza "momentu garrantzitsu" batean dagoela, eta ziur dago BERRIAk "aukerak ondo aprobetxatuko" dituela, "mehatxuari buelta emango" diola, eta "osasuntsu" jarraituko duela. Etorkizunari dagokionez, baikorra da: "Uste dut beti izan behar garela baikor".

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsororen esanetan, BERRIAk lan garrantzitsua egin du euskaraz bizi diren pertsonentzat "kalitatezko informazioa" mahai gainean jartzeko: "Euskarazko egunkari nazional bakarra da". Kazetaritza mundutik harago ere, oraintxe "aldaketa sakonak" gertatzen ari direla azpimarratu du, eta horrek "ezegonkortasuna" sortzen duela. Hala izan arren, "belarriak argi eta begirada luzea izanez", euskarazko kazeta bere tokia bilatuz joango dela uste du: "Gero eta behar gehiago dago".

"Gure herria definitzen eta garena zehazten sekulako ekarpena egin du". Horixe da, Elkarreko arduradun Olatz Osaren ustez, BERRIAk urteotan egindako ekarpena. Dioenez, ez dira garai errazak, "ez dira inoiz izan", baina konfiantza handia du: "Ikusten dut lantalde sendo, ilusionatu eta profesional bat, eta aurrera begira irudikatzen dut BERRIA sendo eta indartsu bat". Aurrera begira ere, konfiantza dauka. "Bidea ez da erraza izan, eta etorkizuna ere ez da izango, baina ziur nago BERRIAk ondo jokatuko duela eta asmatuko duela".

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren arabera, "mundua euskararen betaurrekoetatik begiratzeko aukera" ematen du BERRIAk. Horrez gain, "kazetaritza eredu propio" baten sortzailetzat jo du, eta egunkariaren balioak azpimarratu ditu: hizkuntza, generoa... baita nazio ikuspegia ere: "Herria eraikitzeko tresna ezinbestekoa da". Egoerari aurre egin, eta berritzeko gaitasuna ere ezinbestekotzat jo du. Horregatik, "euskal komunitatea harro egoteko moduko arrazoi bat" dela adierazi du.

Castillo Suarez idazleak gogoan du 2003an BERRIAren lehen zenbakia argitaratu aurreko eguna. "Duela hamabost urte hemen geundenetako asko hemen gaude gaur; horrek erakusten du komunitate bat sortzea lortu duela". Haren hitzetan, "langile militante profesionalak" dira egunkariaren gakoa: "Langileen egoera hobetzea izan behar da etorkizuneko erronka nagusia". Hala ere, baikor mintzatu da: "Uste dut etorkizunean BERRIA modu askotara ikusiko dugula, gauza asko izango dela".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.