Berria Taldea

BERRIAren webguneak 5.486.478 bisita izan ditu 2013an

Aurreko urtean baino %2,73 bisita gehiago izan ditu BERRIA.INFOk. Halaber, 1.467.315 bisitari bakar izan ditu, 2012an baino %4,58 gehiago. Herrira-ren kontrako operazioaren egunean izan zen bisita gehien.

Herrira-ren aurkako operazioa. R. BOGAJO, ARP
2014ko urtarrilaren 3a
15:50
Entzun

Gero eta herritar gehiagok eskuratzen du informazioa Interneten bidez. Azkar, noiznahi eta nonahi informatzeko modua da. Eskari horri erantzuten lan handia egiten ari da BERRIA; izan ere, sarean euskaraz informatzeko iturri nagusia baita. Horren lekuko da 2013an izandako bisita kopurua: 5.486.478 bisita eta 1.467.315 bisitari bakar.

Urte osoko trafikoaren bilakaerari so eginik, egunetik egunera oso gorabeheratsua dela antzematen da, hau da, informazioaren erritmoaren araberakoa. Astegunetan biziagoa da, eta asteburuetan apalagoa. Udaberriko eta udazkeneko hilabeteak izaten dira aktiboenak. Eta udan eta Gabonetan nabaritzen da moteltze handiena.

Herrira-ren aurkako operazioarekin jo zuen goia

 Irailaren 30a izan da BERRIAren webguneak bisita eta bisitari bakar gehien izan duen eguna, hain zuzen, Herrira-ren kontrako polizia operazioaren eguna. Egun hartan, 30.130 bisita izan zuen BERRIA.INFOk. Urtean zehar, beste une bero  batzuk ere izan dira interes informatiboaren ikuspuntutik, Google Analyticsen datuetan oinarritutako grafikoak erakusten duenez.

Urtarrilean, adibidez, presoen eskubideen aldeko manifestazioak eragin zuen hazkunde nabarmen bat ohiko trafikoan. Martxoan, 18. Korrikaren hasiera nabarmendu zen. Apirilean, berriz, Donostiako Bulebarrean gazte batzuen atxiloketa eragozteko Askeguneak piztu zuen jakin-mina, maiatzean Ondarroakoak egin bezala.

Urrian, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 197/2006 doktrina baliogabetuz kaleratutako epaiak eta horren ondorioz Ines del Rio presoaren askatzeak beste jauzi bat eragin zuen trafikoan. Azaroan, berriz, bisita gehien bildu zuen eguna Alex Salmond Eskoziako gobernuburuak Independentziarako Liburu Zuria aurkeztu zuenekoa izan zen. Abenduan, Bertsolaritza Txapelketako finalak eragindakoa izan zen hileko gailurra.

'Osakidetza, maitasuna hodietan'

Webguneko trafikoaren une gorenak gertakari garrantzitsuenek markatu ohi badituzte ere, badira beste artikulu mota batzuk asko irakurtzen direnak, albiste garrantzitsuak edo albiste hutsak ez direnak. Adibidez, BERRIAren webgunean gehien irakurritako aleetako bat Andoni Aizpuruk Iritzi Sailean argitaratutako Osakidetza, maitasuna hodietan artikulu hunkigarria izan da (5.726 bisita).

Halaber, Pako Aristik joan den uztailean argitaratutako Euskal Herria 2023. Kristalezko bola artikulua ere jende askok irakurri zuen (2.324 bisita). Era berean, bi elkarrizketak izan dute oihartzun handia sarean: batetik, Iñigo Astitz kazetariak Natxo de Felipe musikariari apirilean egindakoa, Euskal kulturaren kontu hau gezur monumental bat da izenburukoa  (3.546 bisita); bestetik, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariari egindako elkarrizketa digitala (3.340 bisita).

Sarea, gero eta mugikorrago

2013. urteak emandako datuetan Internet gero eta mugikorragoa dela antzematen da. 2013. urte osoan, BERRIAren trafikoaren %21,62 mugikorra izan da, hau da, sakelako telefono eta tableten bidez bideratutakoa. Aurreko urtearekin alderatuta, portzentajea ia bikoiztu egin da (2012an, %11,15 izan zen mugikorra). 2013an ere nabaritu egin da mugikortasunaren aldeko joera: urtarrilean, trafikoaren %16,79 izan zen mugikorra, eta abenduan, 26,36 izan da.

Bereziki bi aldagai ari dira bultzatzen trafiko mugikorra. Batetik, smartphone eta tableten merkatuaren zabalkundea, eta, bestetik, Twitter sare sozialaren hazkundea. BERRIAren Twitter kontua horren lekukoa da: 2013ko urtarrilean 13.803 jarraitzaile zituen BERRIAk Twitterren, eta urtea 21.973 jarraitzailerekin amaitu du (8.170 jarraitzaile berri, % 59,19ko hazkundea).

Webgunea berritzen

Joera, eskari eta nahi horiei ahalik eta hobekien erantzuteko, edizio jarraitua berritzeari ekin zion BERRIAk duela hainbat hilabete. Lanak aurreratuta daude, eta ez da asko falta webgune berritua abian jartzeko. Aldaketa sakona ekarriko duenez, era progresiboan sareratuko da.

Webgunearen aldaketa osoarekin batera, telefonoetara eta tabletetara hobeto egokitutako diseinua garatuko da. Izan ere, euskarazko informazioa ahalik eta herritar gehiagorengana zabaldu eta eskurago jartzeko helburuak gauzatu nahi ditu BERRIAk hasi berri den urte honetan.

Proiektu berriak, sarean

Horretaz guztiaz, aipatzekoak dira BERRIAk 2013an abian jarri dituen beste egitasmo batzuk. Apirilean mendiko kanala sortu zen, Ibilkari. Arrakasta handia izan du bai blogarien artean eta bai Interneteko erabiltzaileen artean ere. Twitterren ere bere kontua du. Maiatzean, Ipar Euskal Herriko Hitza-k webgunea abiatu zuen: "Euskararen plaza berria". 

Uda aurretik, BERRIAren estilo liburuak eman zuen sarerako jauzia: "tresna berria eta erabilgarria". Twitterren ere denbora gutxian milatik gora jarraitzaile lortu ditu. Azkenik, BERRIAren webguneko urteko apustu garrantzitsuenetako bat urrian heldu zen, GAL 30 urte gune multimediarekin. BERRIAko lantalde zabal batek GALi buruzko lan mardula sareratu zuen, dokumentazioan eta elkarrizketetan oinarrituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.