'ZURE ZIZTADA BEHAR DUGU'

BERRIAri laguntzeko jaialdiak

Musika, dantza eta bertso ikuskizun bat taularatuko dute Villabonan, eta bertso jaialdi bat Iruñean.

2013ko urtarrilaren 11
11:18
Entzun

BERRIAri laguntza emateko kanpainaren harira, zenbait jaialdi egingo dituzte gaur Euskal Herriko bi lekutan. Villabonan, musika eta dantza ikuskizun bat taularatuko dute, eta, Iruñean, bertso emanaldi bat.

Herriko sei dantza, musika eta bertso taldek jaialdia antolatu dute Villabonan. Oinkari dantza taldeak jarriko du mugimendua, eta Lain taldeak, Eresargi abesbatzak eta gazte adarrak eta Loatzo musika eskolak doinuak. Petti ere izango da. Harituz Tolosaldeko bertsozaleen elkarguneko kideek hitz neurtuz jantziko dute ekitaldia. Euskaran Ados lan mahaiak eta Villabonako Udalak antolatu dute jaialdia. Gurea antzokian taularatuko dute, eta, oso handia ez denez, bi saio egingo dituzte, 19:30ean eta 22:30ean. Sarrerak 5 euro balioko du, eta biltzen dena BERRIAri laguntzeko erabiliko dute.

Iruñean, doako bertso merendu bat antolatu dute, 19:30erako, Zaldiko Maldiko kultur elkartean (Ansoleaga, 9). Julen Zelaieta eta Aimar Karrika bertsolariak arituko dira. Zelaietak (Bera, Nafarroa, 1980) Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 2008an. Aimar Karrikak (Auritz, Nafarroa, 1980) hirutan parte hartu du txapelketan.

BERRIAren aldeko jaiak:

Non. Villabonan (Gipuzkoa), 19:30ean eta 22:30ean, Gurea antzokian. Iruñean, 19:30ean, Zaldiko Maldiko elkartean (Ansoleaga, 9).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.