Internet

Berriketan.info sare sozialak sareko bertso lehiaketa antolatu du

Parte-hartzeko Berriketan.info-n izena eman, Bpuntua gaiko kide egin eta asteari dagokion puntuarekin eta ezarritako doinuan egin beharko da bertsoa. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako sarrerak, elastikoak eta erlojuak izango dira saria. Abenduaren 11n jakinaraziko da irabazleak nortzuk diren.

2011ko azaroaren 8a
11:07
Entzun

Berriketan.info sare sozialak sareko bertso lehiaketa jarri du gaur abian. Berriketan.info-ko erabiltzaileek parte hartu ahal izango dute, eta horretarako Bpuntua izeneko gaiko kide eginda osatu beharko dute bertsoa. Horretarako Berriketan.info-k asteartero aste horri dagozkion puntua eta doinua emango ditu. Astelehenera arteko epea izango da. Aste honetako puntua Ezin bizi gintezke aterkirik gabe izango da, eta doinua Aiziak bidali du... (8ko txikia).

Hiru bertso onenak sarituko dira, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako bina sarrera, Gpuntuaren bina elastiko eta bina erlojurekin. Saridunak abenduaren 11n jakinaraziko dira. Saridunekin harremanetan jartzeko Berriketan.info-n emandako datuak erabiliko dira. Ezinbestekoa izango da horregatik Berriketan.info-n benetako izen-abizenekin parte-hartzea. Erabiltzaile bakoitzak astean bertso batekin parte hartu ahal izango du lehiaketan.

Berriketan.info sare soziala orain urtebete sortu zen, euskaraz aktualitatearen gaineko ekarpenak egiteko. Parte hartzeko datu gutxi batzuk ematea nahikoa da. Dagoeneko 700 erabiltzaile ditu euskarazko sare sozialak, eta urtebetean, iruzkin orokorrak jasotzeaz gain, hainbat gairen inguruko iruzkinak, argazkiak eta bideoak bildu du, besteak beste, maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetakoak, hainbat txirrindulari itzulietakoak eta 'Bateragune auzikoak'.

Une honetan, Bpuntuaz gain, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Espainiako hauteskundeak eta Gatazkaren konponbideari begira dira gai bereziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.