Lehiakortasunerako eta Berrikuntzarako Plana onartu zuen atzo EAEko Gobernu Kontseiluak, udako oporraldiaren aurretik egindako azken batzarrean. Bi urte igaro ditu Agirreren departamentuak dokumentua lantzen, eta datozen urteetara begira industria politika gidatuko duen tresna nagusia izango da.
Hiru helburu orokor finkatu dituzte. Lehenik eta behin, EAEko ekonomiaren produktibitatea Europako Batasuneko batez bestekoa baino %25 handiago izatea nahi du Jaurlaritzak lau urteren buruan. Eustaten eta Eurostaten arabera, gaur egun %20 gehiago da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen produktibitatea.
Halaber, Ikerketa eta Garapenera eta berrikuntzara bideratzen den dirua EBko zabalkundearen aurretik hamabost herrialdeek zuten kopuruarekin berdindu nahi du. I+Grako, hain zuzen ere, Barne Produktu Gordinaren (BPG) %1,4 bideratzen du EAEk, eta %1,9 inguru batasuneko herrialdeek.
Azken helburu orokorra industriak enpleguan eta BGP errealean duen pisuari eustea da. Industriaren pisua - eraikuntza ere aintzat hartuta - BPGaren %37,39 izan zen 2005. urtean, eta enpleguaren %36, gutxi gorabehera.
ARRISKU-KAPITALARI BULTZADA. Egitasmoa lantzen hasi zenetik EAEko enpresen dimentsio txikiarekin arduraturik egon da Jaurlaritza. Besteak beste, deslokalizazioaren mehatxua «serioa» dela adierazten zuen planaren zirriborro batek duela zenbait hilabete. Egoera horri aurre egiteko ekonomia guztiak «bigarren eraldaketa» behar duela uste du Industria departamenduak. Berrikuntzarekin batera, industria talde sendoak sortzea ezinbestekotzat jo du.
Horren haritik, enpresetan parte-hartzeak erosteko funts berri bat martxan jarriko du Eusko Jaurlaritzak, Agirre sailburuak kontseiluaren ondotik jakinarazi zuenez. «Lurraldean erroturiko taldeak sortzeko» erabiliko da diru hori. Ziur asko arrisku-kapitala kudeatzen duen elkartearen eskuetan geratuko da funts hori.
Agirrek espero du beste administrazio publiko batzuek eta aurrezki kutxek ere bat egitea finantzaketarekin, eta laguntza horri esker funtsaren zenbatekoa 400 milioi eurokoa izatea. Arrisku-kapitala kudeatzeko EAEko elkartean, GECRn, Industria Sailak parte-hartzen du (SPRIren bidez), eta baita ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrezki kutxek eta MCCk. Beste hainbat funts eta elkarterekin batera ia 50 enpresatan parte-hartzen dute. 130 milioi euro inguruko inbertsioak eginak dituzte arrisku-kapitalaren formularen bidez. Sestaoko ACB altzairutegian, Fagorren, Kaikun edo Senerren parte hartzen dute, besteak beste.
Egitasmoa gizarte eta ekonomia alorretako eragile askorekin aztertu dutela nabarmendu zuen Agirrek. Eusko Legebiltzarrean ere eztabaidatuko da.
«Produktibitatea EBko batez bestekoa baino%25 handiagoa izatea da helburuetako bat»
Ana Agirre
Jaurlaritzako industria sailburua
DAtua
1.932
Enpresa berritzaileak. EAEko bost enpresatik bat baino ez da berritzailea: 1.932 ziren 2003. urtean.Gastua. Eustaten arabera, 1.836 milioi euro bideratu ziren enpresak berritzeko 2003an, BPGaren %3,9.
Salmentak. EAEko enpresek dituzten salmenta guztietatik, %12 baino ez dira produktu berriak edo ondutakoak. Europako Batasunean kopuru hori %33 da gaur egun.
Taldeak sortzeko neurri fiskalak hitzartu dira
Enpresa taldeak sortzeko edo enpresa taldeen arteko bat-egiteak errazteko neurri fiskal berriak martxan jarriko direla adierazi zuen Ana Agirre sailburuak, 2006-2009 Enpresen Lehiakortasunerako eta Gizarte Berrikuntzarako egitasmoa azaltzeko agerraldian.Plana eztabaidatzen hasi zenetik, gaur egun enpresa taldeek dituzten betebehar fiskaletan pizgarriak ezartzea mahai gainean egon da. Haatik, zerga sistemarekin zerikusia duen oro foru aldundien eskumena denez, diputazioen babesa ezinbestekoa zen aldeko tratu fiskal hori mamitzeko. Agirrek aurreratu zuenez, posible izan da akordio hori lortzea, eta neurri horiek planaren edukien artean egongo dira, baina ez zituen zehatzago azaldu. Eskuduntza aldundiena denez, haiei dagokie foru arauen bidez onartzea.
Gaur egun, 70 enpresa talde daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Euskal multinazionalak» deitzen die egitasmoak, %95ek filialen bat dutelako atzerrian.