Berrikuntzan eta prestakuntzan diru gehiago gastatzeko eskatu du KESek

Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hazkundea garapen sozioekonomikoarekin bat ez datorrela ohartarazi du

2006ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Argi baino itzal gehiago. Langabeziak iaz ere behera egin zuela eta Barne Produktu Gordina (BPGd) sano hazi zela berretsi du Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES). Kezka ugari dauzka, ordea. Etenik ez du etxebizitzen garestitzeak, behin-behinekotasuna ez da apaldu, industria pisua galduz doa eta, arazo guztietatik kezkagarriena: Administrazioa ez da nahikoa inbertitzen ari ez prestakuntzan, ez I+G+Bn, ez immigrazioan. Txarto ez gaudela, baina alor horietan lan egin ezean, geroa hodei beltzez beteko dela dio KESeko presidente Antxon Lafontek.

Txosten sozioekonomikoa aurkeztu du, eta lan arloko erakundeen krisialdiaz ere aritu da, labur bada ere. KES, Hobetuz eta Lan Harremanen Kontseiluaren egoera «iraultzen» saiatu behar dute aferan zer esana daukaten gizarte eragile guztiek. «Legea aldatzeari ekingo diote politikariek bestela». Kezka plazaratzen aurrena KES izan zela, eta iraun egiten duena KES bera dela adierazi du. «Auskalo noiz arte». Lafontek, dena den, gai horretan sakondu baino nahiago izan du euskal gizartearen diagnostikoa egin: «Hazkunde ekonomikoa ez dator batgarapen sozioekonomikoarekin».

I+G+BinbertsioakIkerkuntzan, garapenean eta berrikuntzan gehiago gastatzeko eskatu dio Administrazioari. Alderik ia ez dago 2004tik 2005era, eta «arazo larria» da hori, KESeko presidentearen hitzetan. «Urrun gaude I+G+Bn nagusi diren herrialdeetatik». Azaldu du EAEk ez duela bere burua alderatu behar Espainiako autonomia erkidegoekin, baizik eta Belgikarekin, Japoniarekin eta Ameriketako Estatu Batuekin, adibidez.

Aurrekontuak dira I+G+Bn gehiago inbertitzeko erreminta. «Erabaki politikoetan dago gakoan. Agintariek erabakitzen dute dirua hona edo hara bideratzea». Eta erabaki horiek baldintzatzen dute lehiakortasuna.«Atzerakoiek» diote lehiakortasuna trabatzen dutela lanaldi laburrek eta soldata handiek. «Europan badaude ordu gutxiago lan egin, gehiago irabazi eta lehiakorragoak diren herrialdeak». I+G+B dira giltza.

PrestakuntzaOraingo eta geroko langileen prestakuntzan ere gehiago inbertitu behar dute Administrazioak eta enpresek. «Gure burua ondokoekin soilik erkatzeko eta baikorregiak izateko arriskua dago». Adibide argigarri bat jarri du: «Unibertsitatean BPGdren %0,4 gastatzen du EAEk, eta Europako herrialdeek, berriz, %1,5».

Hazkunde ekonomikoaHazkunde ekonomikoa, nolanahi ere, biziagoa da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. Nabarmen. Inflazioa dauka kezka KESek eta Administrazioari exijitu dio prezioen garestitzea aurkako «benetako neurriak» hartzeko. Baita industria pizten laguntzeko ere, BPGdn gero eta pisu apalagoa baitauka.

Lan merkatuaBehin-behinekotasuna da Lafonten beste arduretako bat. «Prekarietatera ohitzen ari da gizartea».Gazteak batik bat. «Ez daude gustura, ez horixe, baina ohituz doaz. Bizimodu berri bat da, nolabait. Lana dutenean lan, eta lanik ez dutenean aisia». Prekarietateak dakar bizimodu berri hori, KESeko buruaren ustez.

Berretsi du langabezia tasak behera egin duela - %5aren bueltan dago-, enplegua %1,3 hazi dela, baina behin-behineko kontratuak %8,7 igo direla. Funtsezkoa iritzi dio kontratazio mugagabea bultzatzeari, gazteei aukera gehiago eskaintzeari eta «lan merkatuan oraindik badiren genero bereizketak» ezabatzeari.

Biztanleria eta immigrazioaHeriotza baino jaiotze gehiago izan ziren iaz, 20 urtean lehenengoz. Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak 2.124.846 biztanle zeuzkaten 2005ean -orain bi urte baino 26.250 gehiago, zuzen esanda-. Horietatik, etorkinak ziren 72.767. Ofizialki, behintzat. «Askoz gehiago daude», Lafonten hitzetan. Datu ofizialei bakarrik begiratu ere igoera itzela dela dio: %23 handitu da etorkin kopurua etatxiroak dira guzti horien erdiak ia.

Kultura«Deskulturizazioaren» beldur da Lafont. Salatu du Jaurlaritzak BPGdren %0,16 bakarrik inbertitzen duela kulturan. Behar baino gutxiago, KESeko presidentearen arabera. Datu kezkagarri gehiago eman ditu. Bisitari kopurua behera doa hainbat museotan, baina Gipuzkoakoetan ororen gainetik. Zientziaren Kutxagunean, Txillida Lekun eta San Telmon,besteak beste.

«Gure burua Espainiako autonomia erkidegoekin soilik erkatzea eta baikorregi izatea da arriskua»

«Erabaki politikoetan dago gakoa, dirua hemen edohan inbertitu agintariek erabakitzen baitute»

«Prekarietatera ohitzen ari da gizartea: lana dagoenean lan, eta lanik ez dagoenean aisia, gustura egon ez arren»

antxon lafontkontseilu ekonomiko eta sozialeko burua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.