Berriozarko festen hasierako txupinazoan euskal presoen sakabanaketaren kontrako pankarta bat erakusteagatik epaitu zituzten ezker abertzaleko hiru zinegotziak absolbitu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak, deliturik ez zutela egin ebatzita. Gaur atera du epaia. Fiskalak urte eta erdiko kartzela zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatu zuen hiru haientzat; Fermin Irigoien, Izaskun Cebrian eta Ezekiel Martinentzat, hain zuzen.
Iazko udaran Berriozarko jaietan ezker abertzaleko zinegotziei zegokien txupina botatzea, UPNko zinegotzi bat horren aurkako kanpaina egiten hasi zen, eta azkenean ez zuten haiek bota, erraldoien konpartsako kiliki beltzak baizik, herriko kultur taldeen izenean. Irigoien, Cebrian eta Martin ekitaldian izan ziren, eta presoen eta iheslarien eskubideen aldeko aldarria egin zuten -Euskal presoak eta iheslariak etxera zioen pankartako leloak-.
Jaiak amaituta Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen Foru Poliziak ikerketa hasi zuela, delituren bat egon ote zen ikertzeko. Foru Poliziak txostena igorri zuen Auzitegi Nazionalera, eta epaiketara heldu zen auzia; uztail honetan egin dute.
Martinek epaiketan aitortu zuen presoen banderola erakutsi zuela, baina hori euskal presoen sakabanaketaren aurkako ikurra dela zioen. Sakabanaketaren ondorioz senide eta lagunek milaka kilometro egin behar izaten dituztela salatu zuen. "Senideei omenaldia egiteko modua zen, une zailak igarotzen ari dira eta babesa eta elkartasuna adierazteko modua izan zen, baina ez zen helburua inolaz ere ETA omentzea".
Aldiz, fiskalak eskatuta peritutzat deklaratu zuten foruzainek esan zuten banderola "ETAko militanteak goratzeko" baliatzen dela, eta txupina kiliki beltzak botatzea "estalkia" izan zela. Fiskalak ere ildo beretik egin zuen; txupina botatzean banderola erakutsi ostean presoen aldeko topa egitean parte hartuta, ezker abertzaleko ETA goratu zutela ondorioztatu zuen.
politika
Berriozarko ezker abertzaleko zinegotziak absolbitu egin ditu Auzitegi Nazionalak
Euskal presoen sakabanaketaren kontrako pankarta erakusteagatik ETA goratu zutela egotzita, fiskalak urte eta erdiko kartzela zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatu zuen Fermin Irigoien, Izaskun Cebrian eta Ezekiel Martinentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu