Euskal Herriak behar duen aldaketa lelopean egitekoa zen manifestazioa ez zuela EAE-ANVren izenean antolatu, baizik eta "bere izenean" azpimarratu du Fermin Irigoien Berriozarko (Nafarroa) ANVko hautetsiak debekatzeko ez dagoela arrazoi juridikorik argudiatzeko. "ANVren kontrako sumarioan esaten da eskubide pertsonalak ez daudela etenda, eta manifestazio honetara nire izen pertsonalean deitu dut", nabarmendu du."Debekuak ez dauka oinarriko juridikorik, helburu bakarra ezker abertzalearen ahotsa isiltzea da. Ezker abertzalearen kontrako ekintza politikoa da".
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak atzo galarazi zuen
gaur arratsaldean ezker abertzaleak antolatuta Berriozarren egitekoa zen manifestazioa. Antolatzailea ANVko hautetsia zela, eta, ondorioz, alderdi horren jardunari segida emate zela argudiatu zuen Marlaskak debekua agintzeko. Izan ere, Baltasar Garzonek alderdi horren jarduerak eten zituen iragan otsailean legez kanporatzeko prozesuaren barruan.
Nolanahi ere, herritar talde batek jakinarazi du manifestazio deialdiari eusten diotela, ordu berean,"Euskal Herriaren eskubide demokratikoak aldarrikatzeko".
Atzo arratsaldean Bilbon egitekoa zen presoen omenezko ekitaldia ere debekatu zuen Grande Marlaskak. Goizean Salbuespen egoerari stop! Euskal Herriak autodeterminazioa lelopean deituta zegoen manifestazioa baimendu egin zuen, ordea, ANVren izenean inork hitzegitea debekatu bazuen ere.
Politika
Berriozarko manifestazioa debekatzeko ez dagoela arrazoi juridikorik iritzi dio antolatzaileak
EAE-ANVko hautetsia den arren, manifestaziorako deia "bere izenean" egin zuela agertu du Fermin Irigoienek. Izan ere, manifestazio horrek ANVren jardunari segida ematen diola argudiatu du Grande Marlaskak debekua agintzeko. Herritar talde batek deialdiari eutsi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu