Iruñeko Donibane auzoko okindegia itxita dago iazko martxoaren 13an Valeriano de la Peña poliziak eta haren seme Miguelek Anjel Berrueta okina hil zutenetik. Hala ere, erasoen jomuga izan da birritan. Azkenekoz, gaur goizean txikituta agertu dira okindegiko beirak.
Gainera, azken hilabetean, Berrueta zenaren familiak jasan du beste eraso bat ere: bizi diren etxeko fatxadan margo mehatxatzaileak agertu ziren.
Hori guztia dela eta, "beldurtuta" dagoela onartu du Mari Carmen Mañas Berruetaren alargunak. Hilketa gertatu eta segituan hasi ziren berroetatarrak mehatxuak jasotzen; Mañasek epaiketan agertu zuen behin banio gehiagotan heriotza mehatxuak egin dizkietela telefono bidez.
Nafarroako Lurralde Auzitegiak 20 urteko espetxera zigortu berri du Valeriano de la Peña polizia eta 15 urteko espetxera haren semea. Pilar Rubio emazte eta amari, berriz, 10 urteko zigorra ezarri dio hilketa probokatzeagatik. Nolanahi ere, Auzitegi Fiskaltzak salaketa jarri dio Rubioren epaiari.
Berrueta iazko martxoaren 13an hil zuten, M-11ko Madrilgo sarraskiak eta Aznarren Gobernuak atentatuak ETAri egotziz sortutako giro beroaren testuinguruan. 'ETA ez' jartzen zuen afixa okindegian jartzeko exijitu zion Pilar Rubiok Berrueta zenari, eta hark ezezkoa erantzun zion. Hori dela eta, bere onetik aterata igo zen etxera Rubio, eta, ondoren, senarra eta semea jaitsi ziren okindegira eta Berrueta hil zuten.
'Berrueta auzia'
Berriro eraso diote Anjel Berrueta zenaren okindegiari
Valeriano de la Peña Espainiako Poliziako kideak eta haren seme Miguelek hil zuten Anjel Berrueta iruindarraren okindegiari berriro eraso diote. Zehazki, dendako erakusleihoetako beirak hautsi dituzte oraingoan. Berrueta zenaren familiak salatu du hilabeteko epean jasaten duten bigarren erasoa dela; aurrekoan, etxeko fatxadan margo mehatxatzaileak egin zizkieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu