Ehunka txirrindulari eta zale elkartu dira, Tolosan, ostegunean Leonen hil zen Villabonako bikoteari omenaldia egin eta berriro gerta ez dadin neurriak hartzeko eskatzeko. Gertatutakoa "onartezina" dela azpimarratu dute.
Jose Carlos Carrasco eta Nerea Agirre gogoan izan zituzten, atzo, ehunka txirrindularik Tolosan. Asko eta asko izan dira Oriako Txirrindulari Eskolaren deialdiari erantzunez Amarotz auzora agertu direnak.
Tartean ziren, esaterako, Carrasco eta Agirreren Leuneta zikloturista elkarteko lagunak. Hernani-Tolosa bidea egin dute, Villabonatik pasaz, berriro gerta ez dadin eskatuz. Txirrindulari profesionalak ere ez dira falta izan: Gorka Izagirre, Gari Bravo... Maite Izagirre, Amasa-Villabonako alkatea eta Olatz Peon, Tolosakoa, bertan izan dira.
Gaurko deialdiak helburu bikoitza zuen, Aitor Ayerza, Oriakoko lehendakariaren hitzetan. "Alde batetik, Jose Carlos eta Nereari omenaldia egitea, baita Orats gaztetxoari ere. Bestetik, protesta ere bada. Errespetua eskatu nahi dugu, guztiok dugulako lekua errepidean".
Amarotz auzotik hasita, bost kilometroko bidea egin dute guztiek batera, Tolosako erdigunetik. Ibilbidean zehar, irteera puntuan, bereziki, asko izan dira babesa ematera agertu diren herritarrak. Lazo beltzak jantzi dituzte guztiek.
Artikulu osoa, Tolosaldeko Atarian.