Sorturen 'birfundazioa'

"Berritzeko" formulak

"Birfundazioan" parte hartzeko neurriak hartu ditu Sortuk: zerrenda irekiak, modu telematikoa eta edonorentzako kreditazioa. Araudia eta lantaldea aukeratu ditu. Bideoa: Sorturen nazio batzarra (Argazki Press). [youtube]https://youtu.be/YVO5mc3FfLo[/youtube]

Enekoitz Esnaola - Ivan Santamaria
2016ko uztailaren 3a
09:54
Entzun

Abian eztabaidan, ezker abertzaleak bere azken bospasei urteei buruzko «autokritika» egin du; agindu du «Sortu berria» eratuko duela, eta Sortuk martxan jarri du «birfundazio» kongresurako prozesua. Atzo Gasteizen egindako batzar nazionalean esandakoaren arabera, behintzat, ezker abertzale ofizialaren kultura politikoan berritasuntzat har daitezke zuzendaritza osatzeko zerrenda irekien aukera ematea, txostenak ezagutzeko eta bozkatzeko sistema telematikoa jarri izana, edonorentzako kreditazioak egotea... «Ohiko forma eredua gaindituko dugu», diote, eta biltzarra «gertakari» bihurtzea dute xede. «Barne demokrazia, gardentasuna eta parte hartzea» sustatuko dituzte.

Izan ere, «euskal estatu duin» baten bidean estrategia eta ildo politikoa «gaurkotzeko», Sortuk uste du bere «eredua errotik aldatu» beharra duela. «Konfiantza berreskuratu nahi dugu, baita eraginkortasuna eta sinesgarritasuna ere». Ez du nahi hori sortukideekin bakarrik egiterik, baizik eta ezker abertzalearekin identifikatzen den ororekin, bertako «giza kapital handia» bilduta.

Abenduaren 17an izango da haren kongresua, eta orduan ebatziko eta aurkeztuko dituzte behin betiko txosten politikoa eta antolaketakoa, eta zuzendaritza osoa. Atzo ekin zioten bideari, Europa jauregian —800 kide pasa batu ziren, hasierako aurreikuspena gaindituta—, eta ia aho batez onartu dituzte biltzarreko prozesuko araudia eta diseinua, zuzendaritza taldea —hamabost lagunekoa— eta berme batzordea. Arnaldo Otegi eta belaunaldi berria hautatu dituzte birfundazioa gidatzeko arduradun. Hor ere bada berritasunik, 2013tik aritu den Kontseilu Nazionaletik ez baitago inor taldean, Otegi preso ohia salbu.

Eskaintza independentista 

Euskal Herrian «prozesu independentista eraldatzailea» abian jartzea dute xede, Zutik Euskal Herria adierazpenaz geroztik (2010) «krisi ekonomikoak euskal gizartean izandako ondorioengatik» eta «gatazkaren konponbidearen blokeoagatik» garatu ez dutena. «Ez baitugu asmatu», Arkaitz Rodriguezek eta Maite Sabalzak batzarrean jendaurreko diskurtsoan aitortu dutenez. «Sortu birsortzea erabaki dugu, ezker abertzalea berrasmatzea».

Hain zuzen, bilkuraren barne mailako zatia —dena euskaraz egin dute— bukatu ondotik mintzatu dira bi haiek, eta adierazi dute garaia dela eskaintza independentista «bideragarria» lantzeko. «Ilusioa, pasioa eta arima eskatzen ditu prozesu independentistak», eta eduki sozial «indartsua». «Foru nazioa» eta «hirugarren bidea» baztertu dituzte, eta biderik onena independentzia dela aldarrikatu. Horretarako, «erresistentziatik» harago «eraikuntzara» jotzeko aldarria egin dute.

Kongresuko prozesuaren lehen zatia atzotik abenduaren 17ra artekoa izango da. Eta, horren barruan, bi parte: irailaren 5etik azaroaren 19ra artekoa lehena, eta kongresura artekoa bigarrena. Aurrenekoan, txostenak eta zuzendaritza lantaldeak proposatzeko aukera egongo da, eta azaroaren 19an emango dute hautatutakoen berri. Gero, biltzarrera artean, zuzenketa partzialen eta zuzendaritza osatzeko lagunen txanda izango da. Fase haren ondoren helduko da une gorena: kongresua, abenduaren 17an. Miren Zabaletak eta Pello Otxandianok eman dute epeen-eta berri.

Bada beste berrikuntza bat: Sortuk konferentzia politiko gisako topaketa bat eratu du, eta, aurrena, datorren urtean egingo du, irailean, biltzarrean erabaki edo garatu gabe gelditu zaizkion kontuez hitz egiteko.

2013ko eratze batzarretik izan den Kontseilu Nazionalak hiru urteotako kudeaketa txostena aurkeztu du Gasteizen, Hasier Arraiz presidentearen bidez. Orain arteko zuzendaritzak lortutakoa nabarmendu du —estrategia aldaketa sendotu izanari eman dio garrantzia—, baina aitortu du hutsegiteak ere izan dituztela, eta «kultura politiko berria» eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.