Zaldibarko luizia

Berriz ere bertan behera geratu dira erreskate lanak

Lanean 09:00etan hasi dira berriz, makinak erabiliz, baina bertan behera geratu dira. Beltran de Herediak adierazi du geologoen gomendioen ondorioz hartu dutela lanak geratzeko erabakia.

jarraia177280.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 10a
14:07
Entzun

Ostegunaz geroztik galduta dauden Zaldibarko zabortegiko bi langileen bila hasi dira berriz 09:00etan, atzo 18:00ak arte jardun ostean. Makinak erabiltzen ari ziren goizean, are sakonagoraino heltzeko, baina berriz ere eten behar izan dituzte. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak azaldu du geologoen gomendioz hartu dutela erabakia, gaur goizean Zaldibarren eginiko agerraldian. Era berean, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak gehitu du erreskatea dela orain lehentasuna, eta datozen egunetan mintzatuko direla ezbeharraren arrazoi eta ondorioez.

Atzo aurreratu zuen Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko Saileko sailburuordeak uneotan dagoen lurraren egoerak operazioa zailduko duela: «Mendi mazelaren egonkortasuna eta erreskate taldeko kideen segurtasuna izango dira muga». Bilaketako bigarren fase horrek kale egingo balu, hirugarrenari ekingo litzaiokeela azaldu du Zubiagak, baina horretarako mendi mazela egonkortu beharko luketela lehendabizi. Horrez gain, perituak ere eremuan bertan izango dira, ezbeharraren arrazoiak aztertzeko.

Ostegunean bertan hasi ziren bi langileen bila, baina eten egin behar izan zuten, Osalaneko teknikariek amiantoa antzeman baitzuten hondakinen artean. 500.000 metro kubo zikin erori zen zabortegitik A-8 autobidera. Larunbat goizean berrekin zieten lanei, baina berriz ere bertan behera utzi behar izan zituzten bilaketako lanak. 

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak aditzera eman duenez, zabortegiko airean lurrunezko konposatu organiko «ez-kezkagarriak» neurtu dituzte. Kutsadura maila «ohiko neurrian» dagoela ere azaldu du, eta horregatik ez dela beharrezkoa aparteko neurriak hartzea. Lurrunezko konposatu organikoak substantzia kimikoak dira, eta, karbonoaz gain, baliteke hidrogenoa, fluorra, oxigenoa, kloroa, bromoa, nitrogenoa eta sufrea ere egotea bertan. Airearen eta inguruko ur masen kalitate baldintzak bermatzea eta inpaktua minimizatzea izango ditu helburu Ingurumen Sailak, iragarri berri duenez. Gaineratu du zabortegi kanpoko amiantoa kontrolatzen ari direla, baita ibaira isurketarik ez izatea ere. Gaur, geologo aditu bat joango da egoerari buruzko txosten tekniko bat egitera eta hondakinak kendu eta beste leku batzuetan isurtzeko jarduera proiektua aztertzera.

Halaber, iragarri du berrikusi egingo dituela zabortegiaren baimen eta «ez-betetzeen» zantzu guztiak, eta «ahalik eta zorroztasunik handienarekin» jokatuko duela sustatzaileak gertatutakoarekin duen «erantzukizunaren aurrean». 

Gertatu direnen artean, sutea ere badago. Zabortegiaren gainaldean piztu zen ostiral gauean, eta suhiltzaileentzat ezinezkoa da haraino heltzea, leku zailean dagoelako. Piztuta segitzen du oraindik, nahiz eta gaur helikoptero batetik 21 aldiz hustu duen ura sutearen gainera. Suhiltzaileek azaldu dutenez, sutea «kontrolatuta eta itxita» daukate, eta helikopteroaren lanak zein ondorio izaten dituen ikusi nahi dute. Egoera hobetzen ez bada beste aukera batzuk aztertuko dituztela adierazi dute. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.