Gipuzkoan, Deba eta Mutriku arteko errepidea, N-638, zabalik da arratsalde hasieratik. Goizean itxi behar izan dute ordu batzuetarako, arroka batzuk erori direlako. Ordu batzuk lehenago, gainera, lur jausi baten ondorioz itxi behar izan dute, baina konpondu egin dute. Azkenik arrokak ere kendu dituzte. Bitartean, denboraleak egunotan eragindako kalteen garbiketa eta konponketa lanetan segitzen dute Errobi eta Aturri ibaien ertzetan, Lapurdin (bereziki Baionan) eta Nafarroa Beherean.
Gaur goizean ikusi da ibaiak Baionako Mayou zubiaren zati bat andeatu duela. Zubiak Herriko Etxe aitzineko plaza eta San Izpiritu auzoa lotzen ditu. Atzoko ur-emari azkarrak zutabeetako bat eraitsi du, eta zulo handia eragin du zubian. Suhiltzaileak eta bestelako langileak zubia eta Baiona Ttipia auzoko karrikak garbitzen ari dira gaur arrastirian ere.
Egunotako uholdeek kalte nabariak utzi dituzte Lapurdiko Kanbo, Uztaritze, Larresoro, Basusarri eta beste herri batzutan, baita Nafarroa Behereko Baigorri, Urepelen... ere. Hain justu, azken eremu hauetan adi segitzen dute, mendietako elurra urtzeak uholde eta luiziak eragin ditzakeelako berriz. Atzo lur jausi batek Urepeleko etxalde batean 100 bat ardi hil zituen.
Atzo ere, egunotako euriteen ondorioz Arriarango urtegia (Goiherri, Gipuzkoa) hautsi zela-eta Goiherrirako ura Lareoko urtegitik bideratu zuten, baina arazo teknikoengatik urik lortu ezinik geratu ziren Segura eta Idiazabal. Gaur ere hala segitzen dute. Gipuzkoako Ur Partzuergoko langileek arazoa konpontzeko lanetan dihardute.
Ipar Euskal Herrian bezala, Nafarroan ere ibaietako ur emaria jaisten ari da pixkanaka.
Goizean errepide istripua Nafarroako iparraldean
Bestalde, gaur goizean istripua gertatu da Nafarroan, N-121-A errepidean, Belateko igoeran, Almandotz parean. Hainbat autok elkar jo dute Iruñerako noranzkoan, dagoen lainotza trinkoaren ondorioz.
Lainoak bisibilitateari eragiten diola-eta, arazoak sortu dira Belaten, eta agintariek kontuz gidatzeko gomendatu dute.
Nafarroako bigarren mailako bost errepidek itxita segitzen dute gaur.
Denboralearen ondorioak
Berriz ireki dute N-638 errepidea, Mutriku eta Deba artean.
Ia goiz osoa itxita egon da, luiziengatik hasieran, eta arrokak erori direlako gero. Lapurdi eta Nafarroa Beherean Aturri eta Errobi ibaiek eragindako kalteak konpontzen segitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu