Angela Murillo buru duen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak ez du tramitera onartu '18/98 auziko' defentsak aurkeztutako errefusatzea, eta, ondorioz, epaiketarekin jarraitzen ari dira. Epaimahaia "alderdikeriaz" ari delakoan aurkeztu du defentsak errefusatze idatzia, hau da, bere egitekoa gainditu akusazioaren alde egiten ari delakoan.'Orain atalaren' inguruko deklarazioekin jarraitu dute arratsaldeko saioan. Zehatzago, atzo amaitu gabe geratu zen Jose Luis Elkororen deklarazioarekin segitu dute.
Elkororen deklarazioaren amaiera liskarrak sortu dira ordea. 1977an 'Xiberta prozesuan' hainbat alderdiren batera ETA ere biltzen zela azaltzen saiatu da Elkoro, baina epaimahaiak moztu egin dio, eta honakoa esan dio: "Ez iezaguzu zure bizitza kontatu". Elkorok esan dio ETArekin izan duen harremana azaldu nahi diola, baina Murillok ez dio utzi. Bere deklarazioa amaitu dela eta esertzeko agindu dio. Iñigo Iruin defentsako abokatuak kexa aurkeztu du orduan, eta gainerako auzipetuak eta publikoan zeuden hainbat txistuka hasi dira. Erabat haserretu da Murillo eta isiltzeko eta esertzeko esan dio Elkorori. Esertzera abiatu denean txalo egin die Elkorori, eta orduan, auzipetu guztiak salatik bota ditu epaileak.
Berriz sartzeko agindu die geroago, baina abisu eman die, berriz horrelakorik gertatzen bada, berak jarriko diela salaketa "istilu publikoak sortzeagatik".Patxi Murgaren deklarazioarekin jarraitu dute.
Orain atalean Egin egunkariaren itxieraren ingurukoak ari dira aztertzen. Hori dela eta, kazeta hartako langile ohien ordezkaritza bat joan da gaur Madrilera, auzipetuei elkartasuna adieraztera. Goizeko hamarretan Madrilgo Casa de Campon epaiketa handietarako Espainiako Auzitegi Nazionalaren egoitzaren atarian zen ordezkaritza hori.
Errefusatze eskaerari dagokiola, atzo Joxean Etxeberria auzipetuaren deklarazio hartzean gertatutakoaren harira aurkeztu dute gaur defentsako abokatuek. Izan ere, Etxeberriaren akusazioaren funtsa den agiri bat erakusteko eskatu zuen atzo Jone Goirizelaia abokatuak. Hasieran, agiri hori ez zuten aurkitzen, eta, ondorioz, epaiketa eteteko galdegin zuen Goirizelaiak. Gero, ordea, aurkitu zuten, eta, gainera, agiri hori irakurtzeko agindu zuen Murillo epaileak. Defentsak halakorik ez egiteko eskatku zuen, soilik agiria erakusteko, Etxeberriak berak ez zuelako onartzen agiri hori berea zenik; hau da, bere ordenagailuan atzemandakoa. Defentsaren esanari jaramonik egin gabe, ordea, irakurtzeko agindu zion epaimahaiburuak idazkariari. Defentsaren iduriko, "alderdikeria nabariaz" jokatu zuen, alde akusatzailearen ustezko froga bati garrantzia emanez.
'18/98 auzia'
Berriz istiluak izanez gero salaketa jarriko diela abisu eman die epaimahaiak auzipetuei
18/98ko auzipetuen defentsak aurkeztutako errefusatzea ez du onartu epaimahaiak, eta atzo utzi zuten lekuan hartu dute epaiketa gaur arratsaldean. Jose Luis Elkorok ekin dio deklaratzeari, beraz. Deklarazioaren amaieran, trantsizio garaian beste hainbat alderditako kideekin batera ETArekin harremanak izan zituela esaten saiatu da Elkoro. Angela Murillo epaimahai buruak moztu egin dio, eta Iñigo Iruinek kexa aurkeztu du. Auzipetuek eta publikoan ziren hainbatek txistu egin dute. Murillok epaiketa bertan behera uzteko mehatxua egin du, baina Elkorori bere deklarazioa amaitu dela eta bere tokira joateko agindu eta jarraitu egin du. Elkorori txalo egin diote eseritzera zihoala. Epaimahaia buruak, haserre, auzipetu guztiak salatik bota ditu. Beste erabakiren bat hartu arte kanpoan itxoiteko agindu die. Epaiketarekin jarraitzea erabaki dute, baina epaimahaiak auzipetuei esan die berriz horrelakorik geratzen bada, "istilu publikoak eragiteaz" ere akusatuko dituztela; berak jarriko diela salaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu