"Gorpua agertzen ez den bitartean, beti dago itxaropena. Baina, tamalez, orain arteko aztarnen arabera, urtegian urperatuta egoteko aukerak handiak dira", adierazi du Estefania Beltran de Herediak, Jaurlarizako Segurtasun sailburuak.
Jon Barcena Berrizko 19 urteko gaztea abenduaren 30ean desagertu zen. Lagunekin Gorbeiara joana zen, baina bidean, gaizki sentitzen zela esanda, atzean geratu zen. Hasiera batean mendian galdua zela uste izan zuten segurtasun indarrek, eta lau egunez bila aritu ziren. Haren diru zorroa eta giltzak Legution azaldu zirenean, ordea, bestelako hipotesi batzuk ikertzen hasi ziren.
Urrunagako urtegi ondoan agertu ziren gaztearen motxila, baita jantziak ere. Ondorioz, han ari dira berriztarraren bila. Dena den, beste hipotesi batzuk ere badituzte.