Bigarren graduan dauden eta gaixo dauden 40 bat euskal presori buruzko txostenak eskatu zituen Espainiako Barne Ministerioak otsailean, espetxeetako zuzendaritzei bidalitako mezu batean. Haiek gizarteratzeko bidean emandako pausoei buruz galdetu zien, gaur hainbat komunikabidek zabaldu dutenez. Informazio hori baieztatu egin du Espainiako Gobernuak, baina argi utzi nahi izan du ez duela espetxe politika aldatzeko asmorik: "Terrorismoaren kontrako borrokan elementu saihetsezina izan den espetxe politika atzoko bera da gaur, eta bihar izango den bera, ETAren garaipenean zutabeetako bat izan baita".
Oharra kaleratu du Barne Ministerioak informazioaren gaineko azalpena eman nahian. Datu basea eguneratzeko gizarteratze bidean egindakoen berri jaso behar dela dio oharrak, eta horretarako eskatu zutela informazioa: "Ez egitea arduragabekeria litzateke". Gainera, jakitera eman du martxoaren 8an ere txostenak eskatu zizkiotela espetxeetako zuzendaritzei, EPPK kolektiboaren inguruko informazioa eskatuz. Hori Diputatuen Kongresuko galdera bati erantzuteko egin zutela dio.
Horiek azalduta, orain arteko mezu gogorrari eutsi dio Espainiako Gobernuak: "ETAren krimenak ikertzen jarraituko dugu, beren kontrako auziak dituzten terroristak atxilotzen jarraituko dugu, atxilotuak epaitu egingo dituzte, eta zigorrak betearazi egingo ditugu. Ez da inpunitaterik izango".