Espainiako Gobernuko ministroak datozen hilabeteetan garatuko dituzten lan ildo nagusiak aurkezten ari dira egunotan Espainiako Kongresuan, eta, gaur, Carmen Monton Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate ministroak aurkeztu ditu bere ministeritzaren politiken ardatzak izango direnak.
Ministroak aurreratu duenez, sendaigaien berrordainketa legealdi honetan ezabatzeko lan egingo du Espainiako Gobernuak. Era progresiboan hartuko ditu horretarako neurriak eta "egoera zaurgarrienean" diren pentsiodunak izango dira lehen onuradunak.
Horrez gain, ministroak adierazi du "datozen asteetan" Madrilek indarrean jarriko duela berriz ere osasun arreta unibertsala. Eta urtearen azken hiruhilekoan, menpekotasun legeari lotuta zaintza lanetan ari diren zaintzaile ez profesionalek gizarte segurantzaren kotizazioa berreskuratuko dute.
2019. urtean, berriz, Montonen ministeritzak Familia Zaurgarrien Laguntzarako Estrategia garatuko du, eta, urte horren hasieran, haurren kontrako indarkeriari aurre egiteko lege proiektua aurkeztuko du kongresuan.
Osasun mentalaren arloan, gobernuak suzidioaren prebentziorako plan bat aurkeztuko duela gaineratu du.