Erronkariko gazta

Bertako ardi arrazak bakarrik sartuko dira Erronkariko jatorri izenean

Europako Batzordeak bertan behera utzi du ardi arraza intentsiboak onartzeko egindako araudi aldaketa. EHNEk begi onez hartu du erabakia.

Lohizune Amatria.
2015eko urtarrilaren 13a
13:56
Entzun

"Prozesu baten amaiera ospatzeko batu gara". Hitz horiekin abiatu du prentsaurrekoa Ignacio Gil EHNEko zuzendaritzako kideak. Erronkariko gaztaren sor-marka arautzeko batzordeak bertan behera utzi zuen araudiaren moldaketa, iazko ekainean. Eta espedientea Europako Batzordera igorri ondoren, abenduaren 22an onartu zuten gazta egiteko bertako ardien esnea erabiltzea. Erabakiak kalitate zigilua eta Nafarroako artzaintza estentsiboa babesten du, EHNEren arabera. Rasa eta latxa arrazak sartuko dira soilik.

Jatorri izenaren batzorde berri bat eratu zuten 2014ko maiatzean. Geroztik, EHNE da sektoreko ordezkari bakarra batzordean. Prozesua, baina, 2008an hasi zen, duela zazpi urte. "EHNEk lan itzela egin du urte hauetan, eta hasieratik gaitzetsi du prozesua", gogoratu du Gilek. Beren ahaleginak emaitza ona duela gaineratu du, baina egitekoa handia dela oraindik. "Sektore honen jarraipena ziurtatzeko dago: arrazen genetika hobetu behar dugu, ustiategien azpiegiturak berritu; gaztei erraztasunak emanez, belaunaldi berriak ziurtatu". Horretarako, guztien parte hartzea eskatu du Gilek: abeltzainena, industriarena eta administrazioarena. Egun, 180 pertsonak osatzen dute Erronkariko sor-marka. 

2009ko martxoan onartu zuen Espainiako Nekazaritza Ministerioak Erronkariko gazta rasa, latxa, assaf eta Lacaune ardi arrazen esnearekin egin ahal izatea. Europako Batzordeak, baina, ez zuen onartu aldaketa, assaf eta Lacaune arrazek ekoizpen eremuarekin loturarik ez zutela argudiaturik. Europako Batzordeak gazta egiteko esnearen %35 Israeldik datorren assaf ardi arrazarena izatea onartu zuen, 2012ko irailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.