Etorkinei etxebizitza gutxiago eskaintzen zaizkie alokairuan, eta baldintza gogorragoak bete behar dituzte; bertakoei eskaintzen zaien lau etxebizitzetako batera joateko aukera ematen zaie etorkinei. Horrez gain, eskatu egin izan zaie epe luzerako lan kontratua eta gutxieneko diru sarreren ziurtagiria. Bestalde, berme, abal eta ez-ordainketa aseguru altuagoak eskatzen zaizkie. Zenbait kasutan, alokatzeko aukera ukatzen zaie laguntza soziala jasotzen duten etorkinei.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SOS Arrazakeriak egin dute ikerketa. Helburua da jakitea zer eragozpen eta zailtasun izaten dituzten atzerritarrek etxebizitza eskuratzerakoan. Maribel Bakero Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak adierazi du errealitate "gordina" azaleratu duela ikerketak. "Jarrera hauek gizartean dauden aurreiritzi eta esamesen ondorio dira".
Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako Berdin Sarearen barruan egin dute ikerketa. 26 testatze egin dituzte Bergarako, Arrasateko, Errenteriako, Tolosako eta Irungo etxe agentzietan. Diskriminazio kasuak detektatu nahi dituzte, baita formakuntzan eta praktika onen hedapenean arreta jarri ere.