Gaur goizeko bederatzietarako iragarrita zegoen etxegabetzea, Bilboko Cortes kalean. Zortzi eta erdietarako, ordea, jende andana bilduta zegoen etxearen inguruan, desjabetzeari aurre egiteko.
Goizean goizetik asko dira Judithi babesa ematera hurbildu diren auzokideak!
— AZET Etxebizitza Sindikatua (@AzTaldea) May 14, 2021
Etxebizitza ez da NEGOZIOA! Klase elkartasunak eutsiko gaitu! âÂÂÂÂÂÂœŠ pic.twitter.com/sJyf4P8fKj
Goizeko bederatzi eta erdiak aldera iragarri du Etxebizitza Sindikatuak etxegabetzea gelditzeko aukera egon daitekeela, baina, hala ere, azaldu dute ez direla mugituko baieztapen ofizial bat izan arte. Minutu batzuen buruan izan dute abokatuaren baieztapena, eta, beraz, etxegabetzea bertan behera gelditu da oraingoz. AZETek BERRIAri azaldu dionez, bitartekaritza lanak egiten jardungo dute hemendik aurrera, etxegabetzea behin betiko saihesteko. Horretarako bitartekaritza mahai bat sortzeko asmoa daukatela azaldu dute.
Judith izeneko Etxebizitza Sindikatuko kidea eta haren familiakoak ziren kaleratzekoak. Ez da auzi berria; izan ere, urtarrilean manifestazioa antolatu zuen sindikatuak etxegabetzearen aurka, #JudithAuzoan lelopean. Maiatzaren 5ean izan zen kaleratzearen inguruan erabakitzeko epaiketa, eta orduan ezarri zen etxegabetzearen data. Udal etxebizitzetako batean bizi da Judith, alabarekin, eta bertatik kaleratu nahi dute.
Ecuador Etxeak bere webgunean jaso duenez, sindikatuko kideak Jon Bilbao Udal Etxebizitzetako zuzendari eta Bilboko Etxebizitza zinegotziarekin biltzen hasi ziren bitartekaritza mahai batean. AZETek prozesu judiziala gelditzeko eskatu zion Bilbaori, Judithek eta haren alabak bizitzeko leku bat aurkitu artean. Hark bere hitza eman zien, sindikatuaren arabera. Hala ere, AZETek salatu du "gezurra" esan dietela "beste behin", eta "espekulatzaile" batzuen gisan jokatu dutela.