Lokarrik antolatu zuen ekitaldia datorren asteazkenerako, eta bertan parte hartzekoak ziren, besteak beste, Irlandako lehen ministro ohi Bertie Ahern, Sinn Feineko buruzagi Gerry Adams eta Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro zen garaiko kabinete buru Jonathan Powell. Bake prozesuan sakontzeko eta ETAren desarmatzeaz eztabaidatzeko ziren ekitaldia egitekoak.
Antolatzaileek azaldu dute "giroa arrarotu" egin dela Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan eta gero. Antolatzaileen arabera, ez daude "baldintza egokiak" asteazkenean egitekoak ziren ekitaldia gauzatzeko. Gaur-gaurkoz, ez dute datarik zehaztu aurrerago egiteko.
Powell, Adams eta Ahern izan ziren 2011ko Aieteko Adierazpenaren sustatzaileetako batzuk. Powell 2012ko azaroan ere izan zen Aieten, nazioartean egindako kudeaketen berri emateko.