Igandean ospatzekoa zen euskal eskola publiko berriaren aldeko besta bertan behera utzi du Sortzen Ikasbatuaz-ek. Iruñean zen egitekoa, Takonera parkean. Eguraldia izan da jaia ez egitea erabakitzeko arrazoia, koordinakundeak berak prentsa ohar batean ezagutarazi duenez. Euria iragarri dute astebururako, eta Sortzen Ikasbatuaz-ek ez du "Takoneraren gisako espazio zabal bat egun euritsu baterako egokitzeko aukerarik". Hori dela eta, igandeko besta ez egitea adostu dute elkarteko kideek eta aurtengo antolatzaile ziren Txantreako gurasoek.
Larunbaterako ere egitaraua prestatu zuen Sortzen Ikasbatuaz-ek, aurten lehendabiziko aldiz, eta egun horretako hainbat ekitaldiri eutsi diete. Krosa, bazkaria eta kalejira antolatu zituzten, bertzeak bertze. Arratsaldean egitekoak ziren kontzertuak, dena den, ez dituzte eginen. Izan ere, kontzertuak egiteko ezarritako "baldintza zorrotzei" aurre egiteko arazoak izan ditu Sortzen Ikasbatuaz-ek, egoera ekonomiko txarraren ondorioz. Elkarteak eskerrak eman dizkie urte osoan besta prestatzen aritu diren pertsona guztiei, eta euskal eskola publiko berriaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du.