Aurten ere ez dute egingo Euskal Eskola Publikoaren jaia, EHIGE ikastetxe publikoetako ikasleen guraso elkarteak jakinarazi duenez. Iaz bezala, pandemiagatik hartu dute erabakia: «Bizi dugun egoerak arduraz jokatzea eskatzen digu, eta hori ez da bateragarria milaka lagun elkartzearekin». Festa Bastidan (Araba) egitekoak ziren, ekainaren 6an.
Sei ikastetxe aritu dira Euskal Eskola Publikoaren jaia antolatzeko lanetan: Bastida eskola, Eltziegoko eskola, Lantziegoko eskola, Oiongo Ramiro de Maeztu, Guardiako Victor Tapia eta Samaniego BHI. Azkenean, ordea, bertan behera uztea erabaki dute: «Eskola publikoaren hezkuntza komunitate zabala osatzen dugunontzat hain zaila izan den ikasturte honi ez diogu emango nahiko genukeen bukaera».
Halere, datorren ikasturteari «gogoz» ekiteko asmoa dute: «Hilabete hauetan zehar eskola publikoaren haziak gora egiten jarraituko du, eta, merezitako deskantsuaren ondoren, gogoz ekingo diogu datorren ikasturteari». Datorren urteko festa ere Bastidan egingo dutela azaldu dute: «Proiektu berriekin bueltatuko gara, eta lanari ekingo diogu, 2022ko ekainean Bastidatik eta Arabako Errioxatik Euskal Eskola Publikoa aldarrikatzeko asmoz».