hezkuntza

Bertan behera utzi dute Gipuzkoako Eskola Txikien Festa

Festa Aizarnan ziren egitekoak, baina «herrira begirako ekitaldi xume bat» soilik egingo dute, ekainaren 13an. Datorren urtean Errezilgo eskolak antolatuko du jaia.

Eskola txikien festa, Zumaiako Oikia auzoan. ESKOLA TXIKIAK
Irati Urdalleta Lete.
2021eko ekainaren 1a
12:40
Entzun

Aizarnako eskolak (Zestoa, Gipuzkoa) zuen iazko Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia antolatzeko ardura, baina, pandemia tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten. Aurten ere eskola beraren esku utzi zuten antolaketa, baina ezin izango dute Gipuzkoako eskola txikien aldeko jairik egin, koronabirusagatik bertan behera utzi behar izan baitute: «Urtebete geroago, hala ere, egoera ez da asko samurtu, eta oraindik ez gaude festa egiteko egoeran».

Horren ordez, «herrira begirako ekitaldi xume bat» egingo dute ekainaren 13an: «Aizarnarrok, gure komunitatean, gure burbuilan, ekitaldi xume bat egingo dugu, egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak beteta», azaldu dute. Horrez gain, hurrengo festaren antolatzaileei, Errezilgo eskolari (Gipuzkoa), lekukoa emango diete Aizarnaren eta Errezilen arteko mugan dagoen Etumetan. Izan ere, 2022an berriz jaia ospatzen hasteko asmoa dute: «Ea 2022an berriro ere lehengo dinamikari berrekiteko moduan garen, eta eskola txikietako ikasle, irakasle eta gurasoak elkartzeko dinamika honi jarraipena ematen zaion».

Lekukoa emateko ekitaldia 10:00etan egingo dute: txalaparta eta adar hotsez alaituko dute, heldu batek aurkezpen bat egingo du, eta ikasleek ere hartuko dute hitza. Gainera, Aizarnako ikasleek aurreskua egingo diete errezildarrei, eta horiek ere dantza bat prestatzeko asmoa dute. Ondoren, 12:30ean hasita, ekitaldi bat egingo dute Aizarnan bertan: «Ekitaldian Aizarnako ikasleak izango dira protagonista, eta honako hauekin girotuko dute: koreografia bat, bertso batzuk...», azaldu dute.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.