'Osasuna auzia'

Bertan behera utzi dute Osasunako bazkide konpromisarioen bilera

Auzia sekretupean dagoela-eta batzarra edukiz hustuta geratuko litzatekeela argudiatu du Osasunak berak. 20:00etan ziren egitekoak, eta zuzendaritzak LFPren auditoriaren berri eman behar zien bazkideei.

Pedro Baile zuzendaritzaren bozeramailea eta Luis Sabalza presidentea. IVAN AGINAGA, EFE
Ainhoa Oiartzabal-Joxerra Senar
2015eko martxoaren 12a
10:00
Entzun

Ezohiko batzarra egitekoa zen 20:00etan Osasuna. Azken asteak oso nahasiak ari dira izaten. Kirol emaitzek laguntzen ez duten arren, kirola ez diren beste kontu batzuek nahastu dute Iruñeko klubaren egoera. Luis Sabalza presidenteak gaur azalpenak eman behar zituen klubeko arduradun ohi batzuek ustez egin duten diruaren erabilera desegokiagatik eta ustez partida batzuk erosteagatik. Bi salaketa aurkeztu dira, Futbol Liga Profesionalarena bat eta Osasunarena bestea. Auzia epaitegietan dago.

Osasunak ohar batean jakinarazi duenez, ordea, bertan behera utzi dute batzarra, abokatuek hala gomendatuta. Auzia sekretupean dago epaitegietan, eta, hori horrela, zuzendaritzak ezin du azalpenik eman. Sekretupeko sumarioa kentzerakoan deituko dute batzarrera.

Angel Ardanaz gaur egungo kudeatzaileak zapuztuta hitz egin du goizean hedabideen aurrean: "Hau guztia kaka bat dela sentitzen dut". Epaitegitik ateratzean mintzatu da hedabideekin. Lekuko gisa deklaratu du. Azaldu du 2014ko urrian hartu zuela kargua, eta maiatzetik urrira bitartean BIzkairekin bat egin zuela klubean. "Ez dut uste nire deklarazioa garrantzitsua denik ezertarako", adierazi du, eta aitortu du auziak eragin egin diola. Dena konpontzea espero duela gaineratu du, eta espero duela ez izatea kluba desagertzeko beldurrik.

Giro horretan deitu du zuzendaritzak batzarrera. Harridura, haserrea, kezka... Osasunazaleak gehiago edo gutxiago egon zitezkeen ohituta emaitza txarretara, baina azken egunetakoa inork ez zuen espero. Osasunak zor handia zuen Nafarroako Ogasunarekin, eta ondasunak gobernuari emanez murriztu du hein handi batean. Dirua zor dio oraindik, hala ere. Eta horretan zirela lehertu zen azken eskandalua, Angel Bizkai kudeatzaileak FLPren egoitzan urtarrilaren 26an aitortu zuenean zenbait milioi euro desagertu direla eta partidak erosteko baliatu zutela.

FLPren auditoria otsailaren 18an jaso zuen Osasunak. Azaroan egin zuten, eta altxortegitik 2,4 milioi euro falta zirela jabetu ziren. Miguel Artxanko presidentearen garaikoa da zuloa, eta FLPk Artxanko, Juan Pascual presidente ohia, Txuma Peralta zuzendaritzako kide ohia eta Tomas Lopez gaur egungo finantza zuzendaria salatu zituen.

Fermin Otamendi epaileak Artxanko eta Peralta espetxeratzeko agindua eman zuen, eta presiente ohia asteartean atera zen espetxetik 500.000 euroko fidantza ordainduta. Peraltak Iruñeko espetxean jarraitzen du. Guztira, hamabi dira inputatuak, eta epailearen aurretik pasa dira, besteak beste, Patxi Izko presidente ohia eta Patxi Puñal jokalari ohia.

Bizkai bera ere auzipetuta dago, baina epaileak justiziarekin kolaboratu duelako ez du espetxeratu. Osasunako gerente izan da azken 24 urteetan eta bere aitortza ezinbestekoa da kasua argitzeko. Azaldu zuen aurreko denboraldiaren amaieran zenbait partida erosi zituztela, eta klubetik atera zutela dirua helburu horrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.