Bertan jaiotakoak dira, mutilak, 16-17 urtekoak, eta gurasoekin bizi dira. Zertzelada bizkor eta azaleko batean hori da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan delituak egiten dituzten adingabeen soslaia. Datu horiek ematen dituen planaren azterketa gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du Josu Erkorekak. Atzerrian jaiotako adingabeen kasuan, urraketen beherakada urteotan nabarmena izan dela adierazi du: urraketen %40 haiek egindakoak ziren 2008an, eta %31,7 dira orain.
Nesken kasuan, 2008an urraketen %13 haiek egiten zituzten; orain, %20,2 dira. Etenik gabeko gorakada du fenomeno horrek. Planaren ondorioetan atera dira beste hainbat datu kezkagarri ere: esaterako, urtez urte, ugaritzen ari dira gurasoen kontrako erasoak seme-alaba adingabeen partetik.
Nolanahi ere, oro har, murriztu egin dira justiziak epaitu beharreko adingabeen kasuak, nabarmen: %24koa izan da beherakada. Igarri da hori, epaitegietara heldu gabe, bitartekaritzaren bidez konpondu diren kasuetan ere. Hauturik egokiena horixe dela azaldu du Erkorekak. Emaitzak horren erakusgarri: era horretan bideratutako kasuen %90ean, adingabe horiek ez dute gehiago urraketarik egin. Gainerakoan ere, oro har, datuek erakusten dute, ugaritzen ari direla urraketa bat egin, eta era horretako jokaerak errepikatzen ez dituzten adingabeak. Adingabeen justiziaren inguruko hirugarren plana du hau Jaurlaritzak: lehendabiziko planaren ostean berriro urraketak egiten zituzten gazteak %28 ziren, bigarrenaren amaieran %21, eta orain, %19. Hortik behera egitea arrunt zaila dela adierazi du Erkorekak. Datuak onak direla nabarmendu du, eta alorrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dagoen sistema "sendoaren" ondorio direla.