Jon Anza desagertu zenetik 11 egun geroago Tolosako kale batean (Okzitania) agertu zen bitartean gertatutakoa ez da «behar bezala» ikertu, Juan Jose Petrikorenaren ustez. «Kezko gortina» izan da ikerketa, haren eta Joseba Zinkunegiren uztez. Biek idatzitako Jon Anza. ¿El último crimen de estado? liburua aurkeztu zuten atzo. Bi idazleekin batera, aurkezpenean izan ziren Anza zenaren bikotekidea eta arreba.
«Seguru gaude ez zela heriotza naturala izan». Hala dio Petrikorenak. «Sinesgaitza» iruditzen zaie auziari buruz eman duten bertsio ofiziala, eta argitu beharreko gauza asko daudela uste dute. «Galdera asko daude erantzuteko, eta horretan saiatu gara». Ikerketan, Anza desagertu zenetik agertu zen arteko egunetan gertatutakoa aztertu behar zela uste dute, baita gorpua agertu zenetik identifikatu bitartean gertatutakoa ere —ia 11 hilabete pasatu ziren—. Hain berandu identifikatzeak ere badu zergati bat, haien iritzian: «Arrastoak desagertzeko egingo zuten, agian». Izan ere, identifikatu zutenerako hilotza usteltzen hasia zegoen.
Ikerketako arduradunak, hasieratik, Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabaren bertsioari eutsi eta hura egiaztatzen saiatu zirela salatu dute. Eta bidean, beste hipotesi bat baztertu zutela. «Ikertu beharreko» hipotesia, hain justu ere: «Espainiako pistarena». Azpimarratu dute Poliziak bazekiela Anza etakidea zela, hura desagertu aurretik errefuxiatu bat bahituta eduki zutela eta jakina dela guardia zibilak Tolosan izan zirela.
«Egia» ez dela jakin uste dute, eta egia horren bila osatu dute Txalaparta argitaletxearekin argitaratutako liburua. Bi zati ditu lanak: alde batetik, Anzaren biografia landua dakar, 1962an jaio zenetik 2009ko apirilean desagertu zen arte. Bestetik, auziaren inguruko ikerketaren gainekoak jaso dituzte: datuak, bertsio ofizialak, ikertu gabekoak eta abar.
«Bertsio sinesgaitzari» erantzunez
Joseba Zinkunegik eta Juan Jose Petrikorenak 'Jon Anza. ¿El último crimen de estado?' liburua argitaratu dute, Txalaparta argitaletxearekin. Bi zati ditu liburuak: Anzaren biografia, batetik, eta desagertzearen eta heriotzaren ingurukoak, bestetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu