BERRIAren Zure ziztada behar dugu kanpainak bertsolarien babesa ere jaso du, eta gaurko egunkarian Beñat Gaztelumendiren bertso bat dakar:
Orriak sortzen dira herritan
eta herriak orritan;
erleok gosez jaikitzen garen
egunsenti hotz, gorritan
kioskoraino ametsez joaten
gara esnatu berritan
eztia sortzen laguntzen digun
lore-hautsaren irrikan.
BERRIAk martxoan zehar egunero bertso bat argitaratuko du.
"Hurrengo urteak ziurtatzeko" asmoz, BERRIAlaguna komunitatea indartzeko eta diru bilketa egiteko ahal den herritar eta eragile gehienengana iristeko ahaleginean da euskarazko hedabide taldea.
Arazo ekonomikoek bultzatuta, BERRIA iazko urte amaieran hasi zen diru ekarriak biltzen, lanari eutsi eta indartzeko. Hedabide taldeak jakinarazi du egoera zailean dagoela. "Paradoxikoa bada ere, inoiz baino irakurle gehiago dituen garaian ari dira behera egiten BERRIAko diru sarrerak". Nagusiki bi dira horren arrazoiak: hedabideetan izaten ari den eredu aldaketa —paperaren beherakada, sarearen gorakada baina diru sarrera txikiarekin— eta krisi ekonomikoa —erosle, diru laguntza eta publizitate gutxiago—.
Zure ziztada behar dugu kanpainaren bigarren faseari ekin dio, herriz herri eta arloz arlo laguntzaileak lortzen. Urtean ehun euroko kuota ordaintzeko prest egongo diren bost mila lagun topatzea da helburua.