Koronabirus kasuek hein bat beheiti egin zuten atzo, baina ez anitz: herenegungo 953 kasu positiboen aldean, 929 atzeman zituzten atzo Hego Euskal Herrian egindako probetan. Orotara 14.247 test egin zituzten atzo, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dutenez, eta horietatik %6,5ek eman zuten positibo —OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean edukitzeko jarritako %5eko langaren gainetik oraindik, beraz—.
Lurraldeka, Bizkaian atzeman zuten kasu gehien: 400. Gipuzkoan 281 positibo detektatu dituzte, Nafarroan 160, eta, Araban, 78.
Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 229 lagun daude gaur egun Hego Euskal Herriko ZIUetan, larri: atzo baino bat gehiago. Gaur, gainera, bertze 105 lagun ospitaleratu dituztela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Nafarroan emakume bat zendu zen atzo, halaber, koronabirusaren ondorioz: 87 urte zituen.
Txertaketaren datu eguneratuak ere eman ditu Nafarroak, bertzalde: koronabirusaren aurkako 4.787 txerto dosi jarri zituzten Nafarroan atzo, eta horietatik 2.101 bigarren dosiak ziren. Lurralde horretan guztira 245.637 txerto jarri dituzte dagoeneko, eta 73.261 lagunek hartu dituzte txertoaren bi dosiak.
Txertaketa «masiboak»
Asteburuan txertaketa «masiboei» ekinen diete, eta, horretarako, hainbat areto handi dauzkate prestatuta: Nafarroan, NUPen, Foremen eta Maristen kolegio zaharrean eginen dituzte txertaketak Iruñean; Tuteran, Jesuiten kolegioan; eta, Lizarran, Garcia Orkoien ospitalean. Bizkaian, Bilboko Casilla pabiloian eta Barakaldoko BEC erakustazokan jarriko dituzte txertoak.