Bertze hainbat baratze suntsitu egin dituzte makinek Iruñeko Arantzadin

Goizean goiz hartu dituzte Beroizen lurrak; babesa eman nahi izan diotenei bidea galarazi diete udaltzainek

Erredakzioa
Iruñea
2012ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Sartu dira. Makinek Agustin Beroizen Arantzadiko baratzea suntsitu dute, Iruñean. Ez dira lehendabizikoak izan. Abuztuaz geroztik, bertze hainbat lur sail hartu eta hondatu egin dituzte makinek, Iruñeko Udalaren aginduz. Iruñeko meandroan parkea egiteko proiektua dute hiriko agintariek; hori gauzatzeko, hainbat hamarkadaz Arantzadiko paisaiako zati izan diren baratzeak suntsitzeari ekin diote.

Beroizek 50 urte inguru eman ditu Arantzadin bizitzen eta lan egiten. Ostegunean sartzekoak ziren makinak bere baratzera, baina atzo arte ez ziren agertu; goizean goiz ailegatu ziren makinak. Udaltzaingoak lagundu zituen langileak. Inguruak hartu, eta Beroizi babesa eman nahi izan zioten pertsonei bidea galarazi egin zieten. Dozena bat pertsonak baino ez zuten lortu nekazariarengana hurbiltzea. Beroiz azken unera arte gelditu zen bere baratzean.

Udaltzainek lanean ari zen prentsako argazkilari bat atxilotu egin zuten. Ez zioten irudiak egiten utzi, eta atxilotuta eraman zuten Udaltzaingoaren egoitzara. Ondoren aske utzi zuten.

Arratsaldeko zazpietan elkarretaratzea egin zuten Iruñeko Udaletxeko plazan, Beroizen baratzea suntsitu izana salatzeko. Dozenaka lagunek salatu zuten udala Arantzadin burutzen ari den politika. Hain justu, plazan elkarretaratzean zeuden bitartean, osoko bilera egiten ari ziren herriko etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.