Hernialde-Zizurkil (Gipuzkoa) zatian agertu zen zuloa atzo arratsaldean, Euskal Trenbide Sarearen arabera (ETS), Abiadura Handiko Trenaren tunel bat egiteko indusketetan ari zirela. Tunelaren sabaian hamar metroko estalgarria zegoen lekuan gertatu zen, azaldu dutenez. Iristeko erraza den leku bat izanik, atzo bertan zuloa estali zutela adierazi dute, eta lurra egonkortzeko lanak eginen dituztela, indusketekin jarraitu ahal izateko.
ETSren arabera, Zizurkilgo Udalari gertatuaren berri eman diote jada, baita konpontzeko neurriak azaldu ere. Gogoratu dute zuloa agertu den AHTaren zati hori Hernialde, Anoeta, Asteasu eta Zizurkilgo udalerrien lurretatik igarotzen dela, eta 5.870 metroko luzera duela zati osoak. Zati gehiena lurpetik igarotzen da: ibilbidearen luzera osotik 5.030 metro dira tunelak, orotara. Horiez gain, hiru zubibide daude.
Hernialderen ondoren
Zizurkilgoaren aitzinetik Hernialden agertu zen zulo bat, urrian. Orain agertutakoa baino handiagoa da hura, eta duela bi aste, gainera, handitu egin zela ohartarazi zuten. Adrian Tolosa zuloa agertu zen lurren jabeak, AHTaren lanetako ordezkariek eta Igaro Balda Hernialdeko alkateak egindako bilera baten ondotik erran zuten zuloa handiago egin zela.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ohikotzat jo zuen Hernialdeko zuloaren agerpena. Azaldu zutenez, "tximinia" erraten diete halako lur erorketei, eta bertzelako azpiegitura lanetan ere gertatu ohi dira antzekoak.