Xan Aire
Zer prestatzen ari zarete ?», emazte bat galdurik dabil Baionako karriketan. Haren aitzinean, kanpoko barren muntatzen ari dira tabernariak. Kanpotiarraren galdera entzunik, irriz hasi dira. «Uste dut ez zarela hemengoa, zu» dio batek. «Frantzia iparraldetik nator» dio emakumeak. «Ez da deus gertatzen. Baionako bestak dira».
Parranda, sukarra, eromena. Kolore biziak, jantzi xuriak, zapi gorriak. Txarangak, eskuak zartaka, irriak ezpainetan. Milioi bat jende bost egunez. «Ez da deus gertatzen» tabernariak dioen bezala. Baionan ez da besterik aipatzen. Denak abuztuko lehen egun honen zain. Gaur, txupinazoaren ordua ez da aski fite helduko hiriko giltzen zain daudenentzat. Lepoko gorriak azkura ematen du, ezinegonak lagundurik.
22:00etan xuxen, txupinazoa. Baionako bestak irekitzen dituzten giltzak bestazaleei botatzen dituzte Herriko Etxeko balkoinetik. Aurten, Yannick Noah kantari bihurtu den tenislari ospetsuak izango du ardura hori, beste batzuekin batean. Gaurko ekitaldi nagusia goserik gabe igurikatzeko, goizetik hasiko dira giroa berotzen Lapurdiko hiri nagusian.
PADDLEBOARD LEHIAKETA. Bestazalearen Lasterkaldiak lehen ufakoa emango du goizean goizik. 2.500ko bat jende abiatuko da Miarritzetik Baionara . Lehen poteoaren dastatzeko, edo tortilla baten gozatzeko. Hala nola, biperrekilako arraultza moletaren Munduko Txapelketak bestetako lehen hitzordu goxoa osatzen du. Aurtengo berrikuntza itsasaldetik dator. Miarritzeko hondartza Aviron Bayonnaisko etxea paddleboard taula baten gainean lotuko dute bestetako elkarteetako hainbat kideek, zortzi aldiz txandakatuz.
Bestetako lehen gauaren ondotik -tabernak 03:00etan ixten dira gauero-, haurrak errege bihurtuko dira. Erraldoiek eta danborradak alaituko ditu bazterrak. Egunero, txikienen oihuek Leon erregea esnatuko dute 12:00tan. Alegia deus ez, errege alperrak 20 urte beteko ditu aurten. Arratsaldero, askariak haurrentzat edo adinekoentzat, poteo eta aperitifa helduentzat. San Andres plazan, ausartenek behiak desafiatuko dituzte.
Ostirala eta larunbata karroen desfileak argituko ditu 22:00tan. Igandean parrokia bakoitzak bere meza izanen du, 16:00etan San Izpiritu zubian, munduko Paquito Chocolaterorik jendetsuena osatu nahi dute.
HERRI BAZKARIA. Egitarau ofizialetik kanpo, hainbat bazkari antolatuak dira Baionako ttipiko karriketan. Lehena larunbatean, Patxoki ostatuaren aitzinean, Baiona Berriak antolaturik. Igandean, Euskal Herrian Euskaraz elkarteak elgarretaratze batera deitu du San Andres elizaren aurrean 12:00etan, Baionan euskaraz, ofizialtasuna bai eta Presoak euskararen alde lemapeetan. Herri bazkaria antolatua da presoen alde Tonneliers karrikan. Gure Irratiak eta Baionako gau eskolak, berriz, herri bazkaria antolatu dute igandean baita ere.
Preseski, karriketako giroa bultzatu nahi izan du Baionako Herriko Etxeak aurten. Tronpetekin zein gaitekin, 70 txaranga ekarrarazi dituzte karriken alaitzeko, «besta kalera etorrarazteko helburuarekin», Henri Lauqué, bestetako komisioko lehendakariak azpimarratu duen bezala. «Animazioko aurrekontua handitu dugu».
Jean Grenet auzapezak, berriz, besta «bakoitzaren ardura» bezala ikusten du. Gauetik aitzina, bestazaleek dituzte Baionako giltzak. Jendea Lapurdiko hiri nagusian sartzen hasia da. Neurrien berri jakingo dute zerbait. Bost eguneko parranda erraldoiarentzat dena prest dago. Bota giltzak, eta besta egokia egin.
Jaiak
Besta lehertzear da Baionan
22:00etan botako dituzte jaia abiaraziko duten giltzak Herriko Etxetik. Besteak beste, Yannick Noah kantari bihurtu den tenislari ospetsuak parte hartuko du ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu