Iruñearen Eguna ospatzen dihardute Nafarroako hiriburuan. Goizean goiz hasi da besta. Alde batetik, Gora Iruñeak antolatutako jarduerak izan dira: musikariak, dantzariak, joaldunak, eta abar ibili dira Alde Zaharreko kaleetan barna. Herri jaien aldeko plataformak urteroko sari banaketa ere egin du. Auzolana omendu dute, eta herri mugimenduko 50 elkarteri eman diete saria. Bazkarian 100 lagun baino gehiago bildu dira, eta oraindik ere bada zerekin goza. Kontzertuak eta dantzaldiak izanen dira Vista Bellan muntatutako karpan eta Iruñeko peña batzuetan. Ohi bezala, Iruñeko Udalak trabak jarri dituela azaldu du Xabi Gartzia Gora Iruñeko bozeramaileak. Izan ere, karpan barra paratzea debekatu diete.
Bestalde, Iruñeko Udalak San Saturnino eguna ospatu du. Bi jarduera antolatu ditu: goizean prozesioa eta arratsaldean Pamplonesaren kontzertua. 10:30ean egin dute prozesioa, erraldoiak, dantzariak, eta musikariak lagun. Gainera, erraldoien konpartsaren urteko azken dantza saioa zen gaurkoa. Hori izan da eguneko ekitaldirik nabarmenena, Udaletxeko plaza jendez mukuru baitzen zortzi erraldoien urratsak ikusteko gogoz. Arratsaldean, Pamplonesak kontzertua eskainiko du Gaiarre antzokian, 20:00etan.