Espainiako Gerran (1936-1939) eta frankismoan Nafarroan fusilatuak izan zirenei buruzko De la esperanza al terror liburuaren 9. edizioa aurkeztu dute gaur, Iruñean, eta beste 11 nafar ere fusilatu zituztela jakinarazi dute. Hala, guztira, modu horretara hildako nafarrak 2.868 dira. Hain zuzen, Martutene Donostiako kartzelako artxiboetan topatu dituzte datu berriak; gehienak Donostian eta Hernanin (Gipuzkoa) hil zituzten.
11 haien senideak eta memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginetan dabiltzan elkarteak egon dira gaurko aurkezpenean. Haien artean zen Pablo Antoñana idazlea, fusilatuetako bat osaba baitzuen.
Bihar beste liburu bat aurkeztuko dute: Sartaguda 1936. El Pueblo de las Viudas. Fernando Mikelarenak osatu du Jose Maria Jimeno Jurio historialariak utzitako dokumentazio aberatsarekin. Material asko argitaratu gabea da, gainera. Adibidez, elkarrizketak egin zituen herrian eta UGTko kide baten egunerokoa biltzea ere lortu zuen.
Larunbatean, berriz, Memoriaren Parkearen aurkezpena egingo dute Sartagudan (Nafarroa). Nafarroan gerran eta frankismoan denera hil zituzten 3.272 pertsonen izenak erakusten ditu parkeko zazpi metroko hormak. Bazkaria ere egingo dute larunbatean, eta dagoeneko 2.700 lagunek eman dute izena.
Joxe Ulibarrenaren eta Nestor Basterretxearen eskultura bana daude parkean. Jose Ramon Andaren lan bat ere paratuko dute, baina ez da inaugurazioaren egunean jarrita egonen. Bernardo Atxaga, Jokin Muñoz, Castillo Suarez, Jose Maria Jimeno Jurio, Pablo Antoñana eta Nafarroako Fusilatuen Elkarteak eta Alargunen Herriko Elkarteak egindako testuak ere irakur daitezke parkean.
Sartagudak jasan zuen Nafarroan errepresiorik handiena 1936an. Hiru hilabete eskasetan, hango 84 lagun fusilatu zituzten, populazioaren %8. Harrezkero, 'Alargunen herria0 deitzen diote. Hala ere, parkeak Nafarroako fusilatu guztiak omendu nahi ditu. Parkearen proiektua 2002an abiatu zen, eta 500.000 eurotik gorako aurrekontua izan du.
Politika
Beste 11 nafar ere fusilatu zituzten
'De la esperanza al terror' liburuaren 9. edizioa aurkeztu dute gaur, eta Espainiako Gerran eta frankismoan Nafarroan fusilatu gehiago izan zirela jakinarazi dute. Guztira, 2.868 nafar hil zituzten hala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu