COVID-19aren transmisio datuak osorik aztertuta, ondorioa argia da: goranzko joerak ez du etenik Hego Euskal Herrian. Nabaria da positibo berrien kopuruan, positibo tasan eta baita ospitaleen eta ZIUen okupazioan ere. Herrialdeka, baina, ñabardurak azaleratzen dira: Nafarroan, emeki bada ere, hasiak dira beheranzko joera nabaritzen.
Guztira, 14.625 PCR eta antigeno proba egin dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta horietatik 1.114k eman dute positibo. Hortaz, positibo tasa %7,6 da orain. Herrialdeka, 149 positibo atzeman dituzte Araban, 474 Bizkaian, 317 Gipuzkoan, eta 161 Nafarroan.
Kezkarik handiena, baina, ospitaleen egoerak eragiten du. 57 ospitaleratzeren berri eman dute Osakidetzak eta Osasunbideak eta, 839 dira COVID-19agatik Hegoaldean ospitaleratutako pazienteak; horietatik 196 daude zaintza intentsiboko unitateetan, larri.
Bi heriotzaren berri eman du Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak, atzoko bat eta aurreko egunetako beste bat: 88 urteko gizonezko bat eta 95 urteko emakumezko bat.